Argibideak / Información


  • Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak jardunaldia irailaren 28an izanen da, Kondestablearen jauregiko hitzaldi aretoan.
  • 9etan hasiko da mintegia, eta 14etan bukatu. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, irailaren 26a baino lehen, esteka honetan, 948223471 telefono zenbakira deituz edo nafarroaordez@euskaltzaindia.eus -era idatziz.

Nafarroako 8 eta 12 urte arteko gaztetxo askok euskara bereganatzen dute familiaren edota hezkuntza sistemaren bidez. Urteak bete ahala, ordea, badirudi, erdarek gero eta toki handiagoa hartzen dutela gaztetxo horien ahozko harreman formaletan nahiz informaletan. Noiz gertatzen da aldaketa hori? Zergatik? Nolakoa da gaztetxo horien euskarazko ahozko jarduna? Zein hutsune daude arlo horretan? Zein baliabide ditugu euskarazko ahozko jarduna hobetzeko ikasgeletan? Eta ikasgelatik kanpo, aisialdi antolatuan, kirol-jardueretan…?

Gai horiek guztiak jorratuko dira irailaren 28an Iruñeko Komunikabideak Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordearen ekimenez antolatu den mintegian. Egitasmo honen bidez, zenbait iritzi eta ikuspegi biltzen dituen bilgune bat eskaini nahi da, hausnartzeko, esperientziak trukatzeko eta elkarlanean aritzeko; baita 8-12 urteko gaztetxoen euskarazko ahozko jarduna hobetzeko, eta, bide batez, etorkizunean abian jar daitezkeen ekimenak irudikatzeko.

Hona hemen mintegian parte hartuko dutenen zerrenda: Yolanda Olasagarre (EIBZko irakaslea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalean); Helena Baraibar (Nafarroako Ikastolen Elkartea); Yolanda Arrieta (idazlea, irakaslea); Roberto Gomez Zorrilla (Ardoi Pilota Eskola); Esther Lakasta (Dindaia Fundazioa); Leire Barberena (Nafarroako Bertsozale Elkartea); Ander Barandiaran (Topagunea); eta Iturrama institutuko ikasleak.

Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruak eta Enrike Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazioko lehendakariak aurkeztu dute gaur irailaren 28ko mintegia. Sagrario Alemanen ustez, “Euskal Herri osoan badago kezka handia; eskolak bakarrik euskal hiztunak sortzen ote dituen. Oinez, ibiliz ikasten da eta euskal hiztunak eremu guztietan euskaraz arituz lortzen dira”. Enrike Diez de Ulzurrunek adierazi du gazteei entzuteko asmoa dutela: “Jakin nahi dugu 10, 11, 12 urte zituztenean nola bizi izan zuten euskararekiko harremana”.

EUSKARAZKO AHOZKO JARDUNA GAZTETXOEN ARTEAN