Deiadarra

Historia, errelatoa den heinean, modu askotan kontatu daiteke. Aritz Ibarra Agirrezabalek marrazkigintzaren eta narratiba epikoaren alde egin du 'Deiadarra. Pirinioetako erresistentzia' bere azken argitalpenean. Liburu ilustratuak, mendez-mende bere biziraupena erresistentzian oinarritu duen herri baten historia berreskuratzen du: gurea, euskaldunona.

1516. urtean Cisneros kardinalak Nafarroako dorre, gaztelu eta harresi andana bat suntsitzea manatu zuen, beste altxamendu bat gertatuz gero, nafar askatasunaren aldekoek non gotortu eduki ez zezaten. Handik gutxira, hala adierazi zion eraisketak burutzeko arduraduna izan zen Villalba koronelak kardinalari: Jaun agurgarri horrek harresien suntsiketa agindu ondoren, Nafarroa fantasiaz hain baxu dago, non ez baitago burua altxa dezakeenik. Erresuma ezin daiteke azpiratuago eta lotuago egon”. Halaxe hasten da Deiadarra. Pirinioetako erresistentzia liburu ilustratua, komikiaren eta eleberri historikoaren artean mugitzen den Aritz Ibarraren azken argitalpena. Nabarraldek argitaratu du liburua, fundazioak duela urte asko abiatu zuen historia komikien bildumari jarraipena emanez. Ez da lehenengo aldia Ibarrak nafar historiarekin lotutako liburu bat plazaratzen duela. Aurretik ere atera zituen Adaxka pozoituak eta Gasteiz 1200. Kasu honetan, alta, komikiaren formatutik atera eta testua eta ilustrazioa uztartzen dituen lana da egin duena.

Hiru urteko dokumentazio eta sorkuntza lanaren ondoren, nerabezaroan irakurri nahi izango lukeen historia liburua ondu duela dio. Izan ere, gaztetan “ikasle txarra izandakoa” dela onartu du egileak. “Egia da duela hamarkada batzuk euskaldunon historiaren kontakizuna berreskuratzeko eta gure ikuspegitik kontatzeko ahalegin handia egin dela, tartean Nabarralderen aldetik adibidez, baina nik kontakizun horri arrakala batzuk ikusten nizkion. Epikotasun, fantasia eta iruditeria gehiago, nolabait esateko”. Hala, publiko zabalago bati zuzentzeko asmoz, historia liburuekin alderatuz tonu epiko eta arinagoa duen liburua da sortu duena, modu irisgarriago eta erakargarriagoan, baina betiere historialariek egindako lan teoriko guzti horretan oinarrituta. “Nerabeentzat bai, baina noski publiko zabalago batentzat ere dago pentsatua, hortik gorakoentzat, helduentzat ere badelako”.

Euskaldunona "erresistentzia baten historia" dela nabarmendu du marrazkilariak, "beti desagertzeko zorian zirudien arren garaiezinak omen ziren inperioen erorketari biziraun zion herriaren" historia. Bisigodoek, frankoek, musulmanek, gaztelarrek… “Denek aipatzen dute nola garaitu gaituzten, eta badirudi bataila ia guztiak galdu ditugula. Baina, bitxia, desagertzeko zorian egon garen bakoitzean berriro ere agertu gara, bizirik eta borrokan”. Hori izan da, hain zuzen ere, Ibarrak liburuan islatu nahi izan duena: “Gure herriaren erresistentziaren historia”.

Erromatar konkistatik Nafarroako erresumaren burujabetza osoaren amaieraraino, euskaldunon biziraupenerako borondate historikoa laburbiltzen du liburuak. Ez dira falta euskaldunon historiaren sinbolo bilakatu diren gertakari eta pertsonaiak, tartean Eneko Aritza lehen errege baskoia, Orreagako guduak, Amaiurko gazteluko bataila, Katalina Foixkoa edota Bearnen biziraun zuen Nafarroako Erresumaren gainbehera. Baina aski ezagunak izan daitezkeen hauekin batera, akaso ezezagunagoak diren pertsonaiak ere agertzen zaizkigu. “Nire pertsonaia gogokoenen artean aurkitzen da Joanikot Arberoa. Nafarroako konkistaren garaian Donibane Garaziko gaztelua defendatu zuen 300 soldadurekin, izugarrizko indar desorekarekin, beti bezala. Erresistentzia luze baten ondoren gaztelua galdu eta preso eraman zuten”. Joanikot kapitaina heriotzara zigortu eta uztailaren 26an Nafarroako hiriburuan barrena pasiatu zuten burdinazko hesi batean gainean arrastaka, pregoilariak zigorra bozgoran irakurtzen zuen bitartean.

Historian barrena doan bidaian, alta, ez dira dena borrokak izango. Euskal literaturaren hastapenak ere badu lekua Ibarraren liburuan. “Euskal literatura, azken batean, euskal kulturaren ezpatari izan da”, azpimarratu du. “Herri batek ez du soilik borroken bitartez aurre egiten, kulturaren bitartez egiten du aurrera. Azpimarragarriak dira Leizarragak, Axularrek edo Lazarragak –arabarra azken hau, oso ezezaguna– egin zituzten ekarpenak, eta liburu honetan kapitulu propioa merezi zuten”

 

EZ GALDU!
YASMINE KHRIS