‘Beita’ telasaila gazteak sexu abusuei erreparatzen

Ongi etorri Iruñera

Oso denbora tarte txikian nerabezaroko sexu abusuez hitz egiten duten telesailak ugaritzen ari dira, gaiari buruzko hausnarketa handiagoa behar dela nabarmenduz. ‘Adolescence’ telesail britaniarra eta ‘Pubertat’ katalanaren ondoren, Oñatiko Xup! antzerki taldearen ‘Beita’ antzezlana pantaila handira iritsi da websail moduan, kuadrillako festa batean gertatutako sexu erasoaren inguruan gogoeta eragiteko helburuarekin. Plus berezia du gainera: gazteak berak izan dira gaiaren inguruan hitz egitea erabaki dutenak.

Lehenengo ‘Adolescense’ iritsi zen, ikaskide bat hiltzea leporatuta atxilotzen duten 13 urteko mutiko baten inguruko telesail britainiarra. Sekuentzia-planoan grabatutakoa, karga psikologiko handiko eta iluntasun ia esperantzarik gabeko batean murgildu gintuzten telesailaren sortzaileek. Berriki ‘Pubertat’ iritsi zaigu, Kataluniatik, adin berdintsuko protagonistak dituena. Kasu horretan, egungo gizartearen dinamikari erreparatzen dio telesailak, gazteek, eta zehazki mutiko gazteek, dituzten erreferente faltak eta maskulinitate toxikoak dituzten ondorioen inguruan hausnartzen duen telesaila. Leticia Dolerak zuzenduta, telesailak sona handia lortu du ikusleen artean, eta ez da harritzekoa. Ikusi beharrekoen zerrendan sartzen da, zuzenean.

Gurean ere beharrezkoa genuen halako zeozer eta, zorionez, badaukagu: ‘Beita’ web telesaila, EITBren Gaztea Irratiaren YouTube kanalean ikusi daitekeena.
Oso denbora tarte txikian nerabezaroko sexu abusuez eta sexu abusatzaile nerabeez hitz egiten duten telesailak ugaritzen ari direla dirudi. Batzuek, akaso, pentsatuko dute: Ez al dago beste gairik? Bai, noski, egon badira. Baina denbora gutxian fikzioak gai berdina jorratzen duen hainbat sorkuntza lan erakusten digunerako, horren falta zegoenaren isla. Gizarteari trabatzen zaion eta liseritzea kostatzen zaion zerbait dagoenaren seinale. Ulertzen ez dugun zerbait gertatzen ari da, handi gelditzen zaigu, eta horren inguruan hausnartzeko saiakera izan ohi da fikzioa maiz. Helduleku bat ematen digu.

Aipatutako hiru telesailek lortzen duten zerbait da, hori bai, bakoitza bere ikuspegitik. Britainiarren telesailak panorama beltza aurkezten digu, eta akaso thriller efektua lortzean zentratzen da gehiago, hausnarketa sakon eta kritikoa egitean baino. Zuloa erakusten du, baina ez du zubirik eraikitzen. Etsigarria da, benetan. ‘Pubertat’-en hausnarketa ariketa sakonago bat egin du Dolerak, inongo sexu heziketarik jaso ez duten gurasoen seme-alabek pairatu behar duten errealitateari ertz askotarikoetatik begiratuz. Belaunaldien arteko jauzia handia da, are handiagoa tartean Internet eta, haren eskutik, doako porno plataformak sartzen direnean.
‘Beita’ telesailari dagokionez, Oñatiko Xup! antzerki taldeko gazteek sortutako izen bereko antzezlana du oinarritzat. Sorburua, beraz, kontutan hartu beharreko plus bat da, gazteak berak izan baitira gaiaren inguruan hitz egitea erabaki dutenak.

Telesailaren helburua, kuadrillako festa batean gertatutako sexu erasoa oinarri hartuta, publikoak hausnartzea da. Zortzi aktore gaztek gorpuzten dute kontakizunaren erdigunean dagoen lagun-taldea. “Trama nagusia sexu erasoa izan arren, gazteon egunerokotasuneko zenbait gatazka ere landu ditugu”, aipatu zuen Argia aldizkarian egindako elkarrizketa batean Maddi Altolagirre Xup! kolektiboko kideak, “esate baterako, drogen salmenta, apustuekiko menpekotasuna, heriotzaren dolua edota bikote harreman irekiak. Gai asko ukitu ditugu, publikoa identifikatuta sentitzeko modukoak”.
Trama nagusian, kuadrillako parranda batean kide batek beste bati eraso egiten dio, baina ez da ikusten nork. Eki erasoa jasan duenaren lagunik onena da, eta gertatutakoa ikertzen saiatuko da, erasotzailea nor izan den argitzeko: “Thriller eran dago kontatuta. Egiaren bilaketa horretan zenbait sekretu ikusiko dira, baita gainerako kideek eraso baten aurrean hartzen duten jarrera ere. Jokamolde horiek plazaratu eta salatu nahi izan ditugu”.
Zalantzarik gabe, beharrezkoa zaigun telesail bat, Olaia Inziarteren parte-hartzea izan duen soinu banda daramana.

 

EZ GALDU!