Euskaldunon Biltoki

Euskaldunon Biltoki elkartea 2000. urtean sortu zen eta 2002an Txantreako Ezkaba plazan inauguratu zuen bere egoitza. Euskararen aldeko proiektua, adin guztietarako eskaintza kultural zabala, aisialdirako esparrua eta gastronomiaz gozatzeko aukera ematen duen elkartea da. Bazkide euskaldunek osatzen dute,
eta euskaldun guztiei zabaltzen dizkie ateak euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko asmoarekin. Orain, belaunaldi aldaketa ematen ari da kideen artean, baina elkarteak aurrera jarraitzeko asmo irmoa du.

Euskaldunon Biltokik ia 25 urte daramatza martxan Txantreako euskararen epizentro bezala. Elkarte gastronomikoa ere bada, aisialdirako gunea eta adin guztietarako ekitaldi kulturalak antolatzeaz arduraduna: hitzaldiak, bertso saioak, musika emanaldiak, haurrentzako ekimenak, zinema, tailerrak, ipuin kontaketak… hasieratik mantendu diren eskaintza “klasikoak”. Modu berean mantendu da bazkide kopurua, egonkorra 50-60 inguruan. Gaur egun Biltokik 59 bazkide ditu, 5 kideko batzordea eta eguneroko kudeaketan laguntzen duen langile bat. Baina bere historia duela 24 urte hasi zen, 2002an, behar batetik sortuz.
Txantrean eta Iruñerrian euskaldunak saretzeko beharrak bultzatu zuen Biltokiren jaiotza, euskaldunek euskaraz lasai aritzeko eta harreman berriak eraikitzeko espazio bat izan zezaten. Urte horietan, auzoan ez zen horrelakorik existitzen eta sortzaileen helburua Txantrean bizi ziren 2000 euskaldunak elkartzea eta arigune bat sortzea zen, euskararen erabilera sustatzea, helduentzat zein haurrentzat aisialdirako espazio bat eskaintzea eta, batez ere, euskarari ere ahalik eta espazio handiena ematea.

Horrela kontatzen dute Endika Legarrak, Uxue Reyk eta Xabi Villabonak, bigarren belaunaldiko bazkideak. Txikiak zirenean sortu zen Biltoki, eta mimoz oroitzen dute haien haurtzaroa elkartearen lau pareten artean. Biltokiren garapena eta etapa ezberdinak txikitatik ikusi dituzte, eta orain, sortzaileek 50-60 urte inguru dituztelarik, lekukoa hartzen hasi dira zuzendaritza taldean eta antolaketan. “Biltokiren eskutik aurrera egin dugu bizitzan eta askorentzako bidelagun eta egoteko tokia izan da”, kontatzen du Reyk. Igandetako zinema, eguberrietako tailerrak edo txokolatadak gogoratzen dituzte gehien, eta Biltokin daude errotuak. “Kariño handia diodan tokia da eta beti sentitu naiz eroso hemen, estimu handia diot”, gehitu du bazkideak.

“Txantrean, auzo batean, euskaraz bakarrik funtzionatuko zuen eta euskara helburu zuen elkarte bat, garai hartan, izugarrizko apustua izan zen”, kontatzen du Endika Legarrak, “eta oso baloratzekoa da sortu zuten horiek eman dioten garrantzi, mimo eta indar guztia”. Villabonak dio, honen inguruan, proiektu “oso landua iritsi” zaiela haiek jarraikortasuna emateko: “Oso eskertuak gaude, ordu asko eman ditugu hemen ekitaldi kulturaletan, aisialdian, elkartean, kuadrillarekin ospakizunak egiten… Euskaraz oroitzapen politak sortzeko tokia da Biltoki”. Reyrentzat “mimoz pasa diguten zerbait” da, “urteetan zehar jendeak mimo handiz zaindu duen proiektu bat”. Lekukoa pixkanaka eman zaie eta pixkanaka ari dira heltzen. “Euskara eta Biltoki beti eskutik bizi izan ditut, nire gurasoak sorreratik egon ziren hemen eta nire esperientzia pertsonalean hau ere etxea izan da, euskararen etxea”, dio Legarrak. Izan ere, Biltoki ez da bakarrik auzolanaren erakusle bat, baizik eta maitasun eta borondatearena ere. Euskararekiko konpromiso politikoaz gain, karga emozional handia duen tokia da: “Proiektu hau nola eta zenbat zaindu duten transmititu digute”.

Gaur egun Biltoki bizirik eta martxan jarraitzea haren osasunaren erakusle argia da. Apustua irabazi du Txantrean, nahiz eta ez izan beti erraza: “Garai batean auzo edo inguru mailan helburu ezberdinak zituzten kolektibo eta elkarteak zeuden, eta bat sortzea ez zen hain erraza; talka ideologikoak eta lehentasunezkoak egon ziren, mundu guztiak ez zuen ondo ikusi hemen egoteko euskara baldintza ezinbestekoa izatea”. Baina urteen joanarekin, gizartea eta auzoa aldatuz joan dira eta Euskaldunon Biltoki “sare berriak eraikitzen” ari da auzoan eta inguruko kolektiboekin, ekitaldiak elkarrekin antolatuz eta elkar lagundu eta babestuz.

Euskarak gazteak behar ditu

“Gure helburuetako bat denontzat aisialdi euskalduna, erakargarria eta dibertigarria egitea da”, kontatzen du Villabonak, nabarmenduz batez ere nerabezaroaren adin tartea dela ailegatzeko zailena: “Hor gabiltza beti, gaztetxoak erakartzen saiatzen, gauza batzuk egin ditugu haientzat, collage lehiaketa, joskintza tailerra, ogia eta pizza masak egiteko tailerra…”.

Bazkidetza sistema urte osoan zehar dago irekia, eta duela gutxi jende gaztearentzat eskaintza berri bat sortu zuten Biltokin, ez dutelako nahi ekonomia arazoa izatea inoiz bazkide egiteko: 18 urtera arte ez dago sarrera kuotarik eta hilabetean 6 euro ordaintzen dira; 18 eta 25 urteen artean dauden pertsonek 9 euro ordaindu ditzakete, eta helduek, 17.

Legarrak euskarak gazteei eskaintzeko gauza asko dituela transmititu nahi die: “Batzuetan, euskaraz hitz egitera hain ohituak ez daudenak, uzkurragoak dira eta errespetu bat dute: hara joaten banaiz euskaraz egin beharko dut, igual ez naiz hain eroso egonen… Nahiko genuke ikuspegi hori aldatzea, euskara izatea ateak irekiko dituen zerbait, ez itxiko dituena. Gauza asko ditugu eskaintzeko eta elkarrekin eraiki nahi ditugu, jende gazteak ere gauza asko ditu guri eskaintzeko”.
“Euskarak gazteak behar ditu bizirauteko”, dio Villabonak, bere aldetik. “Gizartea azken urte hauetan aldatu da eta jendearen lehentasunak agian ere bai, baina gaztetxoei helarazi nahi diegu hemen oso proiektu polita dugula eta haien indarra ezin hobea izango zela”.

Reyk bereziki azpimarra egin du bazkide berrien aukeran: “Txantreatik kanpoko jendearentzat ere irekita dago Biltoki eta edozeini animatu nahi diogu gurekin bat egitera, beti ere euskara erabiltzeko gaitasuna badu”. Biltokik profil ezberdineko bazkideak ditu, baita auzokoak ez direnak ere: batzuk aisialdiko erabilera gehiago ematen diote lagunekin elkartzeko, beste batzuek urtean zehar oso gutxitan zapaltzen dute elkartea, baina proiektua bultzatu eta egiten den lana babestu nahi dute. “Profil ezberdinak ditugu eta denak behar ditugu, edozein helbururekin izanda ere atea erabat irekita dago”, baieztatu du Legarrak.

BILTOKIK SAREAK ZABALTZEN JARRAITZEN DU

Elkartean hilabetero hiru edo lau ekintza antolatzen saiatzen dira, irailetik ekainera, eta udan atsedena hartzeko ixten dute. Gaur egun, Euskaldunon Biltokik baditu propio sortutako ekitaldi batzuk, bere ibilbidea markatu dutenak, adibidez, ’11 orduz 11 kantu’ izenekoa. “Lau aldiz egin dugu bi urtean behin eta erronka moduan planteatzen dugu plazan 11 orduz jarraian jendea kantuan ibiltzea”, azaldu du Legarrak. “Beti lortu izan dugu eta azken urteetan markatu gaituen ekitaldia da, jende gehien erakarri duena”.

Hiru edo lau urtean behin, ‘Bazkide Kuttun’ izendatzen dute euskarari ekarpen garrantzitsua egin dion pertsona bat, omenaldi moduko bat egiteko asmoz: Itxaro Borda, Mikel Laboa, Erramun Martikorena, Xabier Amuriza, Kontxu Odriozola eta Ainhoa Aierbe, Maialen Lujanbio, Kike Amonarriz. “Gure esker ona adierazteko egiten dugu, Biltoki ezagutzera gonbidatu… Oso ekitaldi polita da: guk gure ekarpena egiten diogu euskarari, baina hemendik kanpo hori egiten dutenei aitortza egiteko modu bat da”, dio Reyk.

Urtero ere Biltoki Eguna ospatzen da, eta aurten beste proposamen sozial baten eskutik iritsi berri da: maiatzaren 30ean Txantreako Arrozak izeneko ekitaldiaren hartzaile izan da elkartea. Auzoko jantoki solidarioarekin eta beste hainbat elkarterekin batera, auzora iritsitako etorkinak integratzen laguntzen du proposamen honek. “Gustatuko litzaiguke jendeak jakitea Biltoki euskaraz gozatzeko toki bat dela”, aipatu du Reyk, “euskarazko gozamenerako toki bat da, jendea etortzea eta hori ezagutzea nahi dugu”. Legarra ados dago: “Hemengo ateak mundu guztiak ditu irekiak, festetan adibidez, eta jendea etortzen dela ikustea plazer hutsa da”.
Laster 25. Urteurrena ospatzea tokatuko zaio Biltokiri, 25 urte euskal kultura elikatzen, kultur adierazpen ezberdinei ateak zabaltzen, sareak zabaltzen eta auzoan erreferente izaten. “Militantziaren esparruan ere gauzak ospatu behar dira, garaipen txikiak. Umiltasunez beti eta jakinez egunerokoan gauzak esfortzua, ahalegina eta frustrazioa eskatzen dutela, gauzak ospatu behar ditugu eta hemen badugu zer ospatu”, gogorarazi du Reyk.

REFERENTE EN LA TXANTREA

La asociación Euskaldunon Biltoki se fundó en el año 2000 y en junio de 2002 inauguró su sede en la plaza Ezkaba de la Txantrea. Desde entonces ha sido una asociación referente en el barrio, en la que disfrutar de la oferta cultural, el espacio de ocio y la gastronomía. Todas las actividades, sean culturales o lúdicas, tienen como objetivo impulsar el uso del euskera, fomentar la compactación de las y los euskaldunes e incorporar este idioma a la vida cotidiana del barrio. Para ello, llevan a cabo cada mes tres o cuatro actividades culturales, sociales, deportivas y gastronómicas abiertas a cualquier persona euskaldun.