EuskarAbentura, euskararen lurraldean oinez eta euskaraz

EuskarAbentura

Euskararen lurraldean oinez eta euskaraz zeharkatzen duen espedizioa ospatuko da aurten ere, 7 euskal lurraldeetako eta diasporako gazteek osatua. 25 nafar dira aurten abenturan parte hartuko dutenak, uztailaren 1etik 31ra iraunen duen esperientzia bizitzeko gogoz. Horrela kontatu digute Maioa Tollar, Irene Metaxas eta Jon Villanueva Iruñerriko gazteek.

Proiektu honen helburuak dira euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea, errespetuzko eta adiskidetasunezko sare sendoa sortzea eta elikatzea, ondasun natural, historiko eta kulturala ezagutzera ematea, eta balio positiboak sustatzea: bizikidetza, ekologismoa, autonomia, berdintasuna, talde-lana, bizitza osasungarria…

Maioa Tollar

16 urterekin, Maioa Txantreatik dator EuskarAbenturara helburu garbiekin: “Leku eta pertsona berriak ezagutzea eta gauza berriak ikastea espero dut, eta baita pertsonalki haztea”. Zailena, bere ustez, alor soziala izango da: “Ez dut inor ezagutzen, eta erronka nagusia jendearekin sozializatzea da”.

“Nire euskararen erabilera sustatzeko ere parte hartuko dut”, dio gazteak. Ama euskalduna eta aita erdalduna izanik, gehien bat ikastetxean aritzen da euskaraz, lagunekin gazteleraz hitz egiten baitu. Hala ere, musika ia guztia euskaraz entzuten duela dio, eta baita podcastak ere. “Pentsatzen dugu euskara lotuta dagoela bakarrik gauza akademikoetara eta eskola eremu horretara, eta badago aisialdia ere”, dio Maioak.

Aurreko urtean bere lagun batek parte hartu eta gero, berak ere “frogatu behar zuela” pen-tsatu zuen. EuskarAbenturari buruz ikaste-txera hitzaldi bat ematera hurbildu zirenean, “animatu” eta izena eman zuen.

Irene Metaxas

Euskara hobetzeko eta lagunak egiteko apuntatu da Irene Metaxas EuskarAbenturara. 16 urteko txantrearrak bere euskara irakaslearen bidez ezagutu zuen espedizioa, hark proposatu baitzien gelakideei parte hartzea.

“Heldutzea, erronkak gainditzea eta euskara gehiago erabiltzea dira nire espektatibak”, kontatzen du Irenek. Izan ere, gurasoek ez dakite euskaraz eta lagun artean ere gutxi erabiltzen dute hizkuntza, “ez daukagu ohitura hori”. Gainera, “erronka bezalako bat da abenturan parte hartzea”, eta seguru dago “asko lagunduko diola bizitzan eta egunerokoan” hilabete batez biziko duen esperientzia honek.

“Momentu onak eta zailagoak egongo dira”, dio Irenek: “Zailena, euskaraz momentu guztietan hitz egitea, eta mendian ibiltzea. Ez dut kirol asko egiten eta ez dakit zenbat aguantatuko dudan, edo asko nekatuko naizen”.

Jon Villanueva

Arrosadiako Jon Villanuevak 17 urte ditu eta aukeratua izateko “esperantza justua” zuen, baina orain, EuskarAbenturan parte hartuko duela jakinez, oso pozik dago “uda ezberdin bat pasatzeko” aukerarekin.

“Lagun berriak egiteko, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko eta konfort zonatik ateratzeko apuntatu naiz”, dio Jonek. Iruñekoa izanda, Sanferminak galtzea zerbait berria izanen da, eta baita hilabete osoa etxetik kanpo pasatzea. “Horrelako esperientzia oso polita izan daiteke, bizitzan bakarra delako”, gehitu du.

Agian zailtasun handiena beste tokietako euskalkiak ulertzea izanen da Jonentzat, “baina hori ere aberasgarria izan daiteke”. Izan ere, familiarekin, batez ere amarekin, eta baita herrian, Zigan, euskaraz hitz egiten du normalean. “Lagunekin ere saiatzen naiz”, kontatu du, nahiz eta guztiekin ez lortu, baina “egunerokotasunean euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa” hartu dute.

LA EXPEDICIÓN QUE RECORRE A PIE NUESTRA GEOGRAFÍA

EuskarAbentura se realiza desde 2018 como una gran aventura para jóvenes de entre 15 y 17 años que provengan de los 7 territorios euskaldunes y la diáspora. Este campamento de verano, de un mes de duración, recorre nuestra geografía a pie durante el mes de julio con un grupo de 126 jóvenes, de los cuales este año 25 son de Navarra. Además de fomentar el uso del euskera, también busca compartir valores positivos y crear espacios de amistad y respeto, así como dar a conocer el patrimonio natural, histórico y cultural de su tierra. Todo esto, acompañados de monitoras, monitores, personal sanitario, cámaras y periodistas.