Euskaraz ekoizten den zineak egoera osasuntsuaz gozatzen du Nafarroan, eta horren adierazgarri dira azken aldian sortzen ari diren lanak: Ezkabako presoei laguntzen zieten emakumeen kontakizuna Beatriz Larraguetaren eskutik, Oroitz Zabala eta Iban Toledoren Irulegiko eskuaren inguruko lana, Ultzamako Arco Iris komunitateari buruzko Irati Gorostidiren pelikula, Asisko Urmenetaren sorginen deseraikitzea, Oskar Alegriaren Oteizari omenaldia edo frankismo garaiko Ekaitz Bertizen kontrabando istorioa daude mahai gainean gaur. Dokumentalak, film laburrak edo luzeak izan, oinarri bera partekatzen dute: bertako gaiak eta euskara.

Ezkabako presoei laguntzen zieten emakumeak – Beatriz Larragueta
«Emakumeak» ez da dokumental normal bat. Beatriz Larraguetak zerbait berezia egin nahi zuen, sorkuntzazko dokumentala eta zinema esperimentalaren artean, eta Ezkaba mendira egiten duen bidea kontatzen du, gotorlekuko presoei laguntzera igotzen ziren emakumeekin “konektatzeko” helburuarekin. 2024an hasi zuen bidaia eta oraindik ez du amaitu: proiektua muntaketa lanetan dabil.
Larraguetak liburu denda batean aurkitu zuen inspirazioa, Penal de San Cristóbal liburuan. Gizonezkoen testigantza guztien artean, hiru emakume topatu zituen kasualitatez. Harrituta pentsatu zuen ez zekiela ezer gai horri buruz: “Gizon guztien artean, hor erdian, hiru emakume, mendira laguntza eskaintzera nola igotzen ziren kontatzen”. Larraguetari pena eman zion gehiago ez jakiteak, eta zerbait egitea erabaki zuen.
Ezagutzen ez zituzten presoei laguntzera gotorlekuraino zihoazen emakume hauek miresmena sortu zioten: “Haien indarra eta gogortasuna miresten nituen, eta emakumeei ere garrantzia eman nahi izan nien”. Ezkabako historiak beti “gizon aurpegia” izan du, presoen egoeran jarriz arreta. Larraguetak “ate irekiera” moduko bat egin nahi du, jendeari “irrika piztu”, ikusleak gaiari buruz gehiago jakin nahi izatera bultzatu: “Garrantzitsua da bizi zaren lekuan gertatutakoa ezagutzea”. “Ni beti bizi izan naiz Ezkabaren parean, baina inoiz ez nuen arreta jarri”, gehitu du.
Erronka handiena gaur egun testigantza zuzenik geratzen ez dela izan da: “Zailena emakume hauen familiak bilatzea izan da, oso isildutako gaia zen eta ez genituen aurkitzen”. Azkenean egunkarian albiste bat jarri zuen, deialdi moduan. “Emakume hauen ilobekin, bilobekin hitz egitea, ikuspuntu eta hitz zuzenak izatea oso polita eta hunkigarria izan da”, dio zuzendariak. Ustekabean, lekuko zuzen bat aurkitu zuen: bost urterekin behin gotorlekura igo zela oroitzen zuen emakume bat. Larraguetarentzat oso berezia izan zen istorio hauek partekatzea, familia hauekin “loturak ezartzea eta harremanetan egotea”.

Irulegiko eskua berriro ere erdigunean – Oroitz Zabala eta Iban Toledo
Eskuaren aurkikuntza arkeologikoa eta euskara balioan jartzera dator «Eraukon. Euskararen mintzoa», Oroitz Zabala eta Iban Toledok zuzenduta. Labrit Multimedia, On Produkzioak eta Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzarekin kontatuko dute “istorio izugarri” hau, nazioarteko bokazioa duen dokumental batean. Hiru urte eta gero, udaberrian kaleratuko dute emaitza: zinemarako 80 minutuko filma eta telebistarako bertsio laburragoa.
Dokumentala hiru ardatz nahastuz josi dute, “pieza guztiak ondo jarriz kontakizun poliedriko bat egiteko”. Lehenengoa, akademikoa, Irulegiko eskuaren aurkikuntzak duen balio akademiko eta linguistikoa balioan jartzeko. Bigarrena, indusketa gunea: “Ezezaguna da, ez dakigu hementxe Indiana Jonesen pelikuletako tokiak bezalakoak daudenik”. Eta hirugarrena, testuingurua. “Nazioarteko proiekzioa helburu duenez, kanpoko norbaitek ulertzeko eta euskaldunentzat interesgarria izatearen arteko oreka bilatu dugu”, kontatu du Zabalak. “Testuinguru ariketa handi bat egiteko beharra” ikusi zuten, eta animaziora jo dute gaia modu pedagogiko eta erakargarrian aurkezteko.
Irulegiko indusketetan egon ziren 2022an, Aranzadirekin grabaketak egiten, eta Belfasten Europa mailako arkeologia kongresu batera joan ziren adituen bila. Erronka nagusia, hala ere, eskuaren irudiak grabatzea izan da: “Gure nahia zen eskua kristalik gabe grabatzea, eta oso baldintza zehatzetan lortu dugu: gordailutik Nafarroako Museora eraman zutenean bakarrik”.
Euskarari ekarpen handia egin nahi diotelako murgildu dira proiektuan: albiste zoragarri bat emateko, gure sustraiak hobeki ulertzen laguntzeko eta euskara ospatzeko. “Askotan esaten da euskara galzorian dagoela; guk bere balioa erakutsi nahi dugu, epika handia du euskarak hainbeste eraso jasan arren bi mila urte baino gehiagoz bizirautea, eta guri dagokigu lekuko horri heltzea”, baieztatu du Zabalak, gehituz lanarekin “euskara gehiago maitatzeko” aukera izan dutela.

Komunitate tantriko baten isla – Irati Gorostidi
Irati Gorostidiri bere gurasoak 80ko hamarkadan bizitako Ultzamako Arco Iris komunitateko irudi batzuk ikusita sortu zitzaion Zinemaldian aurkeztutako pelikula egiteko grina. Irudi “indartsu” horiek memorian geratu zitzaizkion, zerbait egiteko desira piztuz. Ia hamar urtez lan egin eta gero, aurten estreinatu du zuzendariak «Aro Berria»: langile borroka atzean utzi eta barne bilaketa batean sartzeko mendian isolatutako komunitatera gerturatzen den gazte talde baten istorioa.
“Hasieratik oso argi neukan irudi horiek testuinguruan jarri behar zirela: frankismoa bukatu berria zeneko garai historikoa irudikatzeko indar berezia zutela iruditzen zitzaidan”, dio Gorostidik. Irudi horiek zerbait mugitu zioten barrutik, eta orain ikusleei “astindu” bera sentiaraztea gustatuko litzaioke, baita galderak edo elkarrizketak eragitea ere, berari gaian sakontzeko eta ulertzeko grina sortu zitzaion bezala: “Orain entzutea tokatzen zait, jakiteko zer mugitzen duten irudi horiek ikusleengan, erreakzio ezberdinak oso aberasgarriak izan daitezkeelako”.
Ia hamar urteko “ikerketa prozesu konstante” bat izan da Gorostidirentzat. Talde txikian hasi zen, baina pixkanaka bidelagunak gehitzen joan dira: “Talde handi batera zabaldu zut, dokumentazio eta material asko pilatu eta erabili dugu. Sekuentziak filmatzeko dokumentazio horretatik abiatzen ginen, irakurketa partekatuak, inprobisazioak eta eztabaidak eginez”. Gorostidik pertsonaiak aktoreen arabera moldatu zituen, “berridazketa konstante” batean.
Orain arte proiektu txikiagoetan egon da eta erronka handia izan da film handi bat egitea. Baina erronka izan da interesgarriena Gorostidirentzat: “Oso prozesu aberasgarri eta interesgarria izan da, sekulako ikasketa pertsonala eta profesionala, lantaldeak ekarpen eta eztabaida konplexu eta kolektiboak sortu ditu”. Pertsona pila ezagutu eta bizipen ugari bizitu ditu; «Aro Berria» “guztiz eraldatzailea” eta lanaren azken ondorio “borobilena” da: “Asko izan dira nire bizitzara ekarri dituen gauzak, familia bat eraikitzea bezala izan da”.

Sorginen irudia deseraikitzeko proposamena – Asisko Urmeneta
Sorginkeria kolektiboa eraikuntza artifizial bat da, Europako eliteak herritarrak hankapean izateko sortua”, defendatzen du Asisko Urmeneta ilustratzaileak. “Gure iruditerian dauden gauzak gezurrak dira, menderen mendetan sinestarazi digutena inkisidoreek eta epaileek asmatutako mezua da, eta argi utzi nahi dugu mito horien gainean eraikitako mistifikazioek ez dutela zerikusirik historiarekin”, gehitu du.
Hori da «Sorgina, banaiz!» dokumentalaren helburua: sorginei buruz iritsi zaigun irudia deseraikitzea eta memoria historikoaren eta historiaren inguruko “eztabaida zintzoa” sortzea “mistifikazio berriek eraikitako irudi misogino eta bidegabekoa” aldatzeko. «Sorgina, banaiz!» herriz herri proiektatzen ari da Urmeneta, “eztabaida eta deseraikitze bide hori” eragiteko xedearekin.
Urteetan zehar sorginei buruzko materiala bildu eta lan ezberdinak egin ondoren, lan hipotesia “lehen lerroan jartzeko” dokumentala egitera ausartu da, Herrima Argitalpenak, Aitor Karasatorre errealizadorearen eta crowfunding baten ekarpenen laguntzarekin. Garrantzitsua zen aurten plazaratzea, 500 urte betetzen baitira Euskal Herrian lehendabiziko erreketa kolektiboa izan zenetik, eta 415 Logroñoko prozesutik.
Iturri anitzak bildu ditu, baina ez zuen gauza espezializatu bat egin nahi: “Ezinbestekoak zaizkigu nazioarteko adituak, funts zientifiko eta akademikoa ematen baitigute, baina herrietako eragileak ere ezinbestekoak dira lana sorginaren irudiaren inguruan eraikitzeko”. Aurreusteak ekiditeko, bideoan zehar ez da kargurik aipatu, soilik izenak, adituei eta herritarrei pisu bera emateko: “Berdin-tzaileagoa, horizontalagoa eta aurreiritzirik gabekoa da iritzi bilketa”.
Urmenetak betidanik egin nahi izan du dokumental bat eta “izugarri interesgarria eta aberasgarria izan da dakien norbaitekin ikastea eta egitea”. Orokorrean, esperientzia “ikaragarri ederra” bizitu du, eta etorkizunean bildutako material guztiarekin zerbait egiteko bidea zabaldu zaio.
▶ RIQUEZA EN EL CINE NAVARRO
Son muchos los proyectos cinematográficos en euskera que surgen en Navarra, creando cada vez más variedad de contenido para quienes disfrutan viendo cine local en euskera. Beatriz Larragueta dirige ‘Emakumeak’, un documental sobre las mujeres que ayudaron a los presos del fuerte de Ezkaba; Oroitz Zabala e Iban Toledo presentarán en primavera ‘Eraukon. Euskararen mintzoa’ sobre la conocida mano de Irulegi; Irati Gorostidi estrenó en el Zinemaldi su película ‘Aro Berria’ sobre una comunidad tántrica en el valle de Ultzama; ‘Sorgina, banaiz!’, una deconstrucción de la imagen de las brujas de Asisko Urmeneta, vio la luz en otoño; Oskar Alegria presentó en noviembre ‘Oteiza, 14 apostolu’, un homenaje al artista; y Ekaitz Bertiz también participó en el Zinemaldi con ‘Erreka zoko hortan’, un corto sobre el contrabando en la época franquista.
