Euskarazko ostalaritzarako formakuntza abian

Euskarazko ostalaritzarako formakuntza abian

Iruñeko Gaztelu Plazan kokatutako Laba Elkartearen lokala eta orain arte Windsor taberna izandakoa ostalaritza proiektu berri bat garatzeko elkartu dira: ‘Torino Berria’.

Laba elkarteak ekimen hau burutzeko eta lantalde egonkor bat sortzeko, euskarazko ostalaritzako prestakuntza antolatu du Ilundain Fundazioarekin, Nafar Lansareren eta Nafarroako Gobernuko diru-laguntzarekin. Doako formakuntzak 17 ikasle bildu ditu bi hilabetez barra eta areto zerbitzuetan, bezeroaren arretan eta abangoardiako sukaldaritza-prestaketetan trebatzeko.

Ikastaroak sukaldaritza eta zerbitzu arloa lantzen ditu, %100 euskaraz eta Torino Berriaren aldetik kontratazio konpromezuarekin. Gorka Aginaga sukaldaria eta Natalie Eskudero ostalaria alergenoen identifikazioa, elikagaien manipulazioa, barrako oinarrizko zerbitzuak, janarien prestaketa, bezeroenganako arreta eta garbiketa eta desinfekzio teknika berriak lantzen ari dira.

Natalie Eskudero ostalaritzaren munduan hazi zen, gurasoen tabernan. “25 urte baino gehiagoko esperientzia izateagatik eta euskalduna izateagatik” deitu zioten Ilundain Fundaziotik. “Oso pozik eta harro nago aukera honekin, uste dut badudala zer erakutsi eta eskertuta nago”, kontatzen du ostalariak, esanez “hainbeste urtez mundu honetan lan egin ondoren”, gustatuko litzaiokeela “jendeak erakutsi eta urteetan zehar ikasi dudana” transmititzea.

Taberna batean lan egiteko oinarrizko ezagutzak eskaintzen ari da Eskudero, baina baditu lehentasunak. “Niretzat oso garrantzitsua da bezeroekiko arreta, uste dut asko galdu dela eta bezero bezala ikusten dut ez dela tratu ona ematen”. Eskuderoren ustez, Nafarroan “goxotasun pixka bat” falta da beste tokiekin alderatuta. “Garrantzitsuena lehenbiziko arreta euskaraz egitea da, eta tratu on bat ematea”, defenditu du.

Ostalaritzan euskara behar dela uste du Eskuderok, batez ere zerbitzuetan. “Iruñean harrera ez da inoiz euskaraz egiten”, dio irakasleak, akaso gaur egun ostalaritzan atzerriko jende asko dagoelako lanean, eta baita ohitura faltagatik ere. “Beharrezkoa da, euskara maite duenarentzat, arlo guztietan jende euskalduna izatea”, baieztatu du.

Lan gogorra, baina polita

“Ostalaritzan lan egiteko gogoa eta bokazioa behar dira”, dio, “lan gogorra delako”. Baina Eskuderorentzat “polita” da, eta atzean dagoen “esfortzua eta lan handia” azpimarratu ditu. “Beti pentsatu da zerbitzaria edozein izan daitekeela, kafe bat egitea oso erraza dela, baina ez, jendearen aurrean lan egiteak asko erre dezake”. Horregatik, gustatuko litzaioke berak duen “pasioa” ikasleei ere transmititzea.

Eskuderok defendatzen du sukaldaritza eta zerbitzuen alorra “parean” egon behar direla. “Beti sukaldaritza aldetik asko egiten da, eta zerbitzuari inoiz ez zaio horrelako garrantzirik eman”. Irakasleak dioenez, “zerbitzariak sukaldetik atera den platera defendatuko du eta aurpegia emango du”, eta horregatik bi aldeak kontuan hartzea eskatzen du. “Eskutik egin behar dugu lana, erdibana”, gehitu du, azpimarratuz berarentzat zerbitzu txar bat ahaztea plater txar bat ahaztea baino zailagoa dela. Gainera, oso garrantzitsua iruditzen zaio formakuntzarekin jarraitzea bizitza osoan zehar. “Ostalaritzan asko ikas daiteke, beti egon behar gara formatzen”. Eskuderok etorkizun ona opa dio proiektu honi, eta espero du horrelako prestakuntza gehiago izatea aurrerantzean.

UNA NUEVA BOLSA DE EMPLEO EN EUSKERA PARA HOSTELERÍA

La asociación Laba Elkartea se ha fusionado con lo que antes era el bar Windsor para crear ‘Torino Berria’, un nuevo proyecto cultural y gastronómico íntegramente en euskera en plena Plaza del Castillo.

En colaboración con la Fundación Ilundain y con una subvención de Gobierno de Navarra y del Servicio Navarro de Empleo, se ha puesto en marcha una formación hostelera en euskera con compromiso de contratación, que instruirá a personas interesadas en servicios de barra y sala, atención a la clientela y elaboraciones culinarias, con el objetivo de formar una plantilla estable y euskaldun para el nuevo proyecto. El cocinero del conocido  Iruñazarra Gorka Aginaga y la hostelera Natalie Eskudero se encargan de impartir las clases hasta finales de junio.