HALA BAZAN, ipuin tradizionalen podcasta

Hala bazan

Irudien, plataformen eta sare sozialen garaiak bizi gaituen honetan, tarteka, neguko egun hotz batean hartzen den salda beroaren pareko sentsazioa eragiten diguten edukiak agertzen zaizkigu. Horietako bat da, zalantzarik gabe, NAIZ irratiak ekoiztu duen ‘Hala Bazan’ podcasta, izenburuak berak aditzera ematen digun bezala, ipuin kontalaritzan oinarritzen den saioa.

Formatua sinplea da: ipuin kontalari bat, kameraren aurrean, hitz hutsez Euskal Herriko herri eta bailaretako ipuin tradizional bat kontatzen. Sinplea, bai, eta horrexegatik ere akaso hain hurbilekoa, goxoa eta eraginkorra. Kontalarien artean, aski ezagunak eta hurbilekoak zaizkigun aurpegi eta ahotsak aurkituko ditugu: Dorleta Kortazar, Ander Edo, Ane Gebara, Joxemari Carrere, Ixabel Agirresarobe eta Amaia Elizagoien. Azken honek kontatu digun bezalaxe, hausnarketa batetik abiatu zen podcasta egitearen ideia: “Ipuin bilketa bat egin genuen, kontalaritzaren barrenean ipuin tradizionalak izan duen gainbeheraren eta hauek gure munduan duten garrantziaren inguruan hausnartu genuelako”. Izan ere, Elizagoienen aburuz, ipuin tradizionalek mende luzez eta ahozko transmisioaren sokari jarraiki biziraun badute, euren indar sinbolikoagatik da. Belaunaldiz belaunaldi gugana iritsi diren kontakizun hauek “bizitzako galdera existentzialei erantzuna ematen saiatzen dira eta gizakiaren psikologian arakatzen dute”.

Podcastaren lehenengo denboraldian berrogei ipuin bildu dituzte denetara, tartean ‘Tartalo’, ‘Galtzagorriak’ edo ‘Basajaun’ ipuin mitologikoak, ‘Amaiur, kendu eta eman’ edo ‘Maddi eta oreina’ kondairak eta Joxe Miguel Barandiaranek berreskuratutako kontakizunak, ‘Makilakixki’ edo ‘Hire arima niretzat’ esaterako. Denak ala denak helburu argi batekin, “ipuin kontalaritza eta ahozkotasuna erdigunera ekartzea, eta ikusgarritasuna ematea azken aldian hainbeste infantilizatu dugun ogibide honi eta istorio hauei”. Mitoak eta kondairak bakarrik ez, eta gure herriaren historia gogoratzen duten piezak ere aurkitu daitezke, irudimenari, transmisioari eta sinbologiari memoria ariketa ere gehituz.

Bi minutu eta erdi eta hamabi minutu arteko piezak dira oraingoz entzungai daudenak, Elizagoienek aditzera eman bezala, irudimenaren eskutik bidaiatzea ahalbidetzen digutenak. “Bidaiatzeko daukagun modurik zaharrena da, lekutik mugitu gabe, hitzaren bitartez eramaten gaituelako hainbeste lekutara”. Inolako sustrai ez heldulekurik ez daukaten kontsumo azkarreko edukien pare, Naiz irratiak oso bestelakoa den apustua egin du Hala Bazan podcastarekin. “Irudiak gainditzen gaituen honetan, edozein pertsonak ikaragarri gozatu dezake hain aspaldikoa den ohitura honekin, komunikazioaren eta elkarri kontatzearen ohitura zahar honekin”. Azpimarratzekoa da, ipuinak izanagatik ere, ez direla publiko gazteenarentzat soilik. Ipuin kontalari nafarrak azpimarratu bezala, hala, gozagarriak izan daitezke helduentzat. “Egia da ipuinetako batzuk akaso ez direla ttikittikienentzako, eduki aldetik transgresoreak ere izan daitezkeelako eta gaztetxoentzako izan daitezkeelako gehiago. Baina adin-tartea zabala da, edonork entzuteko modukoak dira orokorrean”. Podcasta Naiz irratiaren webgunean entzun daiteke, baita irratiaren YouTube kanalean eta Spotify plataforman ere. Bestalde, FM seinalean larunbat eta igande goizetan emititzen ari dira, kapituluz kapitulu, goizeko 09:30ean.

Elizagoienek erran bezala, eskaini diezaiogun bada denbora gehiago “elkar entzuteari, abiadura jaitsiz. Kontaktu horretan egiten delako bidaia kolektiboa eta hurbiltzen gaituelako leku batzuetara non, aspaldi, entzule bezala akaso zoriontsu izan ginen”.

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila herriko plazan… eta Naiz irratian.