
Iruña eta haren hizkuntzak denon ardura dira; euskara hiriko historiaren, ondarearen, orainaren eta etorkizunaren zati bat da, zaindu beharreko aberastasun kolektibo bat, kaleetan egunero bizi daitekeen aniztasunaren seinale. Horregatik, Iruñeko Udalak hizkuntza normalizatzeko lehen udal plana martxan jarri zuen otsailean: “Iruñean hirieraz, mucho que hablar”. Honekin, Udalak lehen aldiz euskararen sustapenerako estrategia propio eta egituratu bat izango du: norabide bat, ikuspegi partekatua eta luzera begirako konpromisoa.
Iruñeko jendearekin elkarlanean, hitz eginez, entzunez eta ulertuz, parte-hartze saioen bidez, euskarari bide berri bat irekiko zaio aurten, hausnartzeko gune baten bidez errealitate eta ibilbide anitzeko jendearen proposamenak entzunez. EMUN enpresaren eskutik, planak jada lehenengo urratsak eman ditu: lehen parte-hartze saioak otsailaren 11n eta 26an eta martxoaren 31n izan dira (lehenengoa espektatibak edo helburuak jasotzeko, bigarrena arlokako diagnostikoa egiteko eta hirugarrena diagnostiko orokorra egiteko). Hurrengoak, apirilaren 23an (planari ekarpenak egiteko) eta maiatzaren 20an (ondorioak ateratzeko) izango dira Civivox Pompelon, eta hurbildu nahi duen edozeini zabalik daude.
Hasierako saioetan oso harrera positiboa jaso du proiektuak: 70 pertsona baino gehiago bildu dira, harreman handia landu da eremu ezberdinekin eta gehien jasotako erantzuna “zein beharrezkoa den hau” izan da. Saio oso emankorrak eta gero, orain erronka da hurrengoetan herritarrei bertan egotearen garrantzia zabaltzea.
Bost hitzorduek 2027-2031 aldirako plana zehaztuko dute, hiriko hainbat esparrutan lan egiten duten pertsonen eta kolektiboen aniztasuna jasotzeko espazio bat sortuz. Euskara elkarrekin eraiki nahi da, auzoetan, eskoletan, merkataritzan, kalean eta kulturan euskara nola bizi den ulertzeko; hitz egin, entzun, partekatu, ideiak, iritziak, zalantzak eta bizipenak ekarri. “Bertaratzen den jendeak saioetan dinamika eta egin beharreko lana oso atsegina, bideratua, ordenatua, arina eta erraza aurkituko du”, adierazi du Aitziber Campionek, Euskara, Hezkuntza eta Herritarren Partaidetza Alorreko zinegotziak. Kontatzen duenez, planaren abiapuntua izan zen Iruñeko Udalean gobernu aldaketa eman zenean euskararen sustapena aintzat hartzen zuen normalizazio linguistikorako plan berri bat garatzea. Kontuan hartuta hirian euskara eta gaztelania direla bi oinarrizko hizkuntzak, eta euskara gutxitua dagoela, hura babestu eta sustatzeko erantzukizun instituzionalari erantzuteko hiru ildoko akordio politikoa erdietsi zen: “Lehenengoa, euskararen erabileraren sustapena, erabili nahi duenak aukera gehiago aurkitu ditzan”, dio zinegotziak. Bigarrena, “ezagutzaren sustapena”, baliabideak eskaintzea ikasi nahi dutenentzako, eta hirugarrena, “euskararen prestigio soziala handitzea, euskara aberastasun bat eta kohesio sozialerako elementu bat bezala ikusteko”.
Campionek oso argi du plana herritarrekin batera egin behar dela: “Ezinbestekoa da hau eremu sozialarekin batera egitea, bai euskararekin eta euskararako lan egiten dutenekin, bai euskara bere jardunaren zentroan ez dutenekin”. Honekin “euskarak herritarren gehiengoa interpelatzea” lortu nahi da, prozesu hau dagoeneko hizkuntza ezagutu eta erabiltzen dutenentzat bakarrik mugatu ez dadin. “Euskararekin esperientzia ezberdinak dituzten pertsonak, ikuspegiak eta iritziak elkartu nahi ditugu, haien ekarpenak ere jasotzeko”, adierazi du.
“Bi faseak bukatuta, gure helburua ildorik eraginkorrenak jasotzea da”, dio Campionek. “Aukerak sortuko dituen, batuko gaituen, euskarari presentzia emango dion eta partekatutako hizkuntza bihurtuko duen plan sendo bat” eratu nahi da, “baliabide eta tresna errealak eta erabilgarriak” lortuz. Azarorako lau urterako plan estrategikoa eta 2027rako ekintza plan zehatza izatea aurreikusten dute, eta hortik aterako dira Iruñeko Udalak euskararen sustapenean egin beharreko “politika publikoak”.
Un proceso participativo abierto a la ciudadanía para fomentar el euskera
El Ayuntamiento de Pamplona tendrá por primera vez un plan de normalización lingüística para el fomento del euskera basado en la participación ciudadana. Se llama “Iruñean hirieraz, mucho que hablar” y para completarlo se han organizado de febrero a mayo cinco sesiones abiertas a cualquier persona que quiera participar -sea euskaldun o no- con el objetivo de recoger los diferentes puntos de vista sobre el euskera que puedan convivir en la ciudad. Las próximas sesiones serán el 23 de abril y el 20 de mayo en Civivox Pompelo.
