Ian Ruiz

"Gero eta sortzaile gehiago gara, eta pixkanaka sareak euskaraz betetzen ari gara"

Sare sozialetan scroll amaigabean sartuz gero, eduki sortzaile estilo ezberdinekin egingo dugu topo. Berdina gertatzen da euskaraz aritzen diren sortzaileen artean. Jorratzen dituzten gaiek, editatzeko estiloak edota komunikatzeko moduak desberdinak izateak aniztasuna elikatzen dute. Ian Ruiz (2003) zarauztarrak energiaz zipriztintzen ditu sareak bere komunikatzeko estiloarekin @ianruizzzzz bezala.

Ze Berri?.- Zuk YouTubera bideoak igotzen dituzu, baina ez da edukia partekatzen duzun plataforma bakarra.
Ian Ruiz.- Ez, YouTubez gain, TikTok eta Instagram ere erabiltzen ditut nire bideoak partekatzeko. Plataforma bakoitzak bere formatu eta publiko propioa du, eta interesgarria iruditzen zait edukiak sare desberdinetara egokitzea, ahalik eta jende gehienarengana iristeko.

Z.B.- Oraindik orain uste da YouTuben, beste sare sozialetan eta, oro-har Sarean, ez dagoela euskarazko edukirik.
I.R.- Euskarazko edukia gero eta gehiago dagoela esango nuke. Azken urteotan sortzaile gehiago animatu dira euskaraz edukia egitera, eta hori oso pozgarria da niretzat. Oraindik badago zer egin eta asko hazteko, baina norabidea ona dela iruditzen zait.

Z.B.- Era berean, euskara hutsean edukia sortzeak kaltegarria dela uste dute beste askok, edo ez duela “saltzen”.
I.R.- Niretzat, behintzat, euskaraz bakarrik edukia sortzea ez da kaltegarria. Egia da publiko potentziala beste hizkuntza batzuetan baino txikiagoa izan daitekeela, baina horrek ez du esan nahi edukiak baliorik ez duenik edo ez duenik funtzionatzen. Gainera, euskarazko edukia sortzeak komunitate propioa eraikitzeko aukera ematen du.

Z.B.- Etorkizunik al dago?
I.R.- Noski baietz! Gero eta sortzaile gehiago gara, eta pixkanaka sareak euskaraz betetzen ari gara. Euskarazko edukia gero eta anitzagoa da, eta horrek erakusten du etorkizuna badagoela. Gure esku dago bide hori zabaltzen eta indartzen jarraitzea.

Z.B.- Kontaiguzu… zer gertatu zen sortzaileen bazkari famatuan?
I.R.- Egia esan, ez zen kotilleo handirik gertatu! Batzuk lehen aldiz aurrez aurre ezagutu genuen elkar, desbirtualizatu egin ginen eta oso giro polita sortu zen. Azkenean, komunitate eder bat osatu genuen, eta hori izan zen bazkariaren gauzarik onena.

Z.B.- Zer behar da euskarazko edukia zabaltzeko?
I.R.-Nire ustez, gogoak eta hizkuntzarekiko maitasuna behar dira. Edukia sortzeko gogoa izatea ezinbestekoa da, baina baita euskarari lekua egin eta sareetan presente egoteko nahia ere. Gero, elkarri babesa ematea eta sortzaileen arteko komunitatea indartzea ere oso garrantzitsua da.

Z.B.- Zein beste sortzailerekin egin nahiko zenuke kolaborazioren bat?
I.R.- Eduki sortzaileen bazkarira joan ginen guztiekin Gran Hermano edo Gu ta Gutarrak moduko programa egitea gustatuko litzaidake. Denok etxe berean sartuta, kamerak nonahi eta elkarrekin bizitzen... Fantasia hutsa izango litzateke! Gainera, uste dut egoera eta eduki oso dibertigarriak aterako liratekeela.

Z.B.- Eta, bukatzeko, gaur egun, zein sare sozialetan topa zaitzakegu?
I.R.- @ianruizzzzz kontuan aurki nazakezue Instagramen, TikToken eta YouTuben. Bertan nire egunerokotasuna partekatzen dut, egiten ditudan proiektuak eta bururatzen zaizkidan ideia guztiak erakusten ditut. Horrez gain, @marmarrian izeneko podkasta ere badut. Momentuz geldirik dago, denboraldi berria prestatzen ari naizelako, baina laster itzultzeko asmoa dut. Podkasta Instagramen, TikToken, YouTuben eta Spotifyn aurki daiteke.

GOMENDIOAK

  • Liburu bat: Wonder
  • Pelikula bat: The Drama
  • Telesail bat: Heartstopper
  • YouTuber bat: Fizìreta / UyAlbert
  • TikToker bat: Shannis
  • Twitzlari bat: Arkkuso
  • Instagramer bat: Iban Garcia
  • Podcast bat: Marmarrian

 

EZ GALDU!
IRUÑE ASTITZ LARUNBE / @arkkuso