Irauli

Euskara plazara zabaltzeko ekimen berria jaio da Gaztelu plazan. Euskal kulturaren inguruan ardatz bat izateko espazio fisiko bat da ‘Irauli’, baina baita euskara zaindu, besarkatu, elikatu, babestu eta maitatzeko komunitate bat ere. Proposamena familien, eragileen eta erakundeen amankomuneko erronkei erantzuna emateko azpiegitura soziala da eta kalitatezko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen ditu.

Abuztuan abiatu zen Irauli Elkartea Iruñeko bihotzean, euskararen biziberritzearekin lotutako korapiloak askatzen laguntzeko helburuarekin. Urtebete hausnarketetan igaro ondoren, sortutako beharrei, gabeziei, desioei eta ametsei forma emateko eta erantzuteko sortu da Irauli. Gaztelu plazako 4. zenbakian zabaldu dute egoitza, Munarriz bitxi-dendaren lokalean eta Labaren ondoan.
Ez zuten inauguraziorik egin, baina Labaren berrirekiera probestu zuten: “Argiak piztu, mahaiak kanpora atera… Labarekin sinergia probestu nahi genuen, eta ateak zabaldu genituenean interesa suertatu zen”, kontatzen du Erkuden De Andres Imazek, elkarteko kideak. Ikastolekin, Sortzenekin, udalarekin eta hainbat eragilerekin elkartu dira, eta pozik diote Iraulik harrera positiboa jaso duela: “Amankomuneko erronkak ditugu, eta hurrengo pausoa familiengana hurbiltzea da”.
Euskara kanpora loratzea nahi dute, auzoko eta inguruko eragileekin sarean lan eginez. Hiriburuaren erdigunean kokatutako erakusleihoa da Irauli: “Gaztelu plaza euskaldun bihurtu nahi dugu, euskara loratu”, azaldu du De Andresek. “Seme-alabekin euskara modu naturalean mantentzea kostatzen zaigula ikusten dugu, gabezia eta muga asko daude, eta horri buelta eman nahi diogu, itxaropenarekin Iruña euskaldunagoa izateko dugun ametsa egia bihurtuz”, gehitu du.

Aurreko belaunaldiak landatutako haziak loratuz
Zerbait landatu eta loratu baino lehen, lurra mugitu behar da. Irauli egoerari buelta ematea da; hurrengoentzako ereitea. “Gure gurasoek gure belaunaldiarekin euskaldun izan gintezen egin zuten apustu. Aldaketa, bultzada bat egon zen, hazia landatu zen”. Hala ere, De Andresek guraso euskaldunak “sakabanatuak” daudela atzematen du: “Asko gaude, baina erabilera ez da hirukoiztu eta kalean ez dago oihartzun paralelo berdina”. Orain, Irauliko kideek landatutako hazi hori “loratzea” nahi dute, euskaldunak saretuz.
Horretarako bazkideak behar ditu orain elkarteak. Irauli proiektu oso anitza da: familiei zuzentzeaz aparte, erakundeei eta eragileei ere bideratutako “azpiegitura soziala” da. “Familia euskaldunen eredu pila gaude, eta aniztasun hori besarkatu nahi dugu”, dio kideak. Aldi berean, praktika euskaldunak gauzatzeko espazio bat eskaini, kalitatezko jarduerak eta zerbitzuak eman, ikerketa-gunea sortu eta euskararen erabilera “hirukoiztu” nahi dute.
Jardueren eskaintzan ere aukera anitzak ditu Iraulik: “Astean zehar jarduera erregularrak proposatzen ditugu, baina asteburuetarako jarduera puntualak ere (ipuin kontalari bat, arte laborategi bat, yoga familian)”. Horrela, Irauli egun solte batean hurbildu nahi duen familia batentzat zein modu erregularrean parte hartu nahi duen batentzat dago irekia. Gainera, jarduera egokituak ere eskaintzen ditu euskara maila ezberdina dutenentzat. Orain asteburuetako jarduerei ari dira ematen indarra, jendeak elkartea ezagutu dezan. Erronka nagusia espazioa betetzea da Iraulirentzat: “Ez bakarrik jostailuz eta gauzaz, baizik eta pertsonekin, denon artean espazioa loratzeko”.

Laguntza behar dutenentzat besarkada
Proiektuak bi hanka ditu: azpiegitura soziala eta laguntza. “Irauli laguntza behar duen jendearentzat besarkada bat da, lasaitasun mezu bat: ez zara zu, egoera da arazoa”, dio Jon Bujanda kideak. “Hizkuntza minorizatua dago eta guk indarberritu nahi dugu, zabaldua dagoen ezinegon hori sentitzen duen jendeari laguntzeko”, gehitu du. Bujandaren ustez, laguntza hori emateko “hizkuntza komunitatea trinkotu” behar da, eta hori da Iraulik nahi duena: euskara erdigunea den leku bat eskaintzea.
Irauli eskola eta familiari laguntzeko “hirugarren erpin bat” da, aisialdian komunitate hurbila eta euskalduna sustatzeko eta euskararen transmisioa sozializazioaren bidez egiteko: “Aldaketak taldean egin behar dira, eta hizkuntzaren biziberritzea bai edo bai komunitatean gauzatu behar da”. Irauli komunitate hori elikatzeko eta zerbitzua emateko sortu da.

IRAULI BUSCA SOCIOS/AS

Irauli es una asociación sin ánimo de lucro que desde agosto ofrece actividades y servicios de calidad en euskera especialmente dirigidos a txikis y sus familias, pero también a profesionales y a la comunidad euskaldun. Cuenta con una infraestructura social, un local en la plaza del Castillo nº 4 de Pamplona, al lado de Laba, y su objetivo es conseguir socios/as para impulsar un proyecto que pretende hacer florecer el euskera desde el centro de la ciudad. En su página web www.irauli.eus aparece la agenda de las actividades programadas y los enlaces para participar y asociarse (cuota mensual simbólica de 10 euros).
Para más información, se puede escribir al correo electrónico: irauli.loratualahil@gmail.com.