Itzuli mihitzuli, euskaraz bizi nahi duten familien arnasgunea

Itzuli Mihitzuli

Euskaraz bizitzeko espazioen faltan, arnasgune bat eratu asmoz ekin diote egitasmoari hainbat guraso euskaldunek. Hilabetean behin egiten dituzte irteerak, natura eta euskara uztartuz. Kontaktua: 649 627 150.

“Eremu erdaldunetan bizi garen familia euskaldunak gara, eta apenas dugu aukerarik euskaraz bizitzeko”. Premisa horretatik abiaturik sortu zuten hainbat guraso euskaldunek Itzuli Mihitzuli egitasmoa 2022ko irailean, hain zuzen ere, euskaraz mintzo diren familiek arnasgune bat izate aldera. Ibilaldiak antolatzen dituzte hilabetean behin, seme-alabak zein gurasoak euskaraz naturaltasun osoz aritu daitezen. 20 irteera baino gehiago egin dituzte dagoeneko.

“Guraso euskaldunek osatzen duten Enbor Beretik WhatsApp taldean hasi zen dena”, esan du Nestor Esteban Scaloni kideak. Goizargi Santxo Gaskue kidea ere talde horretan zegoen: “Nire alabarendako eskolaz kanpoko jarduera baten bila nenbilen, baina, urtero bezala, zaila izan zen euskarazko eskaintzarik topatzea”.

Egoera horrek biziki haserretu zuen Santxo, eta guraso euskaldunen foro horretan mezu bat idaztea erabaki zuen: “Eta hor hasi zen dena; iritzi artikulu bat idaztea erabaki genuen, gure kezka plazaratzeko”.

Izan ere, euskaraz bizitzea ez da lan makala Estebanen irudiko: “Euskaraz lasai aritzeko espazioak behar ditugu; etxetik haratago”. Eskolan ere ez dago bermaturik euskaraz ehuneko ehunean aritzea Santxoren aburuz, D ereduan egon arren: “Nire alabak eskolan ikasi du gaztelaniaz”. Eskolaz kanpoko jardueretan, zer esanik ez: “Batzuetan ez dago euskarazko eskaintzarik, besteetan begiralea euskalduna izanik ere ume batek euskaraz ez jakitea nahikoa da gaztelaniaz aritzeko”. Ondorioz, euskara eta ume euskaldunak bigarren maila batean gelditzen direla salatu dute gurasoek.

Bestalde, euskaraz gauzak egitearen beharra azpimarratu du Santxok: “Ipuin kontalariak, antzerkiak… euskaraz jasotzera ohituta gaude, baina guk euskaraz aritzeko jarduerak behar ditugu”.

Egoera horiek estres linguistikoa eragiten dutela salatu du Estebanek: “Gure seme-alabek euskaraz egiten dute lehenengo hitza, baina zaila dute beren inguruan hori mantentzea, eta 9 urterekin zama hori izatea zaila da”.

 Hitzetatik ekintzetara

Egoera honi irtenbide bat emate aldera, bilera bat egitea erabaki zuten. “Beti gara kexu, eta beharrezkoa da hori, baina sortu, eraiki eta eskaintzea ere ezinbestekoa da; ezin gara negarretik bizi”, gaineratu du Estebanek. Esan eta egin: Itzuli Mihitzuli sortu zuten. “Hilabetean behin ateralditxoak egiten ditugu, irailetik ekainera bitartean”, esan du Santxok. Iruñerrikoak dira familia gehientsuak, eta zonaldetik gertu dauden lekuetara joan ohi dira. “Saiatzen gara ez oso urrunera joaten, eta ibilaldiak ere arinak dira, haurrendako oso aproposak”, esan du San-txok.

Planak ere askotarikoak direla azaldu du Estebanek: “Ur-jauziak, pistak, zintzurrak… helburua da besterik gabe paseo bat ematea giro euskaldun batean”. Giroa apartekoa dela gaineratu du Santxok: “Guraso batek bertsoak botatzen ditu bat-batean, beste batek ipuin bat kontatu…”. Irulegira, Larunbera edota Peruharrira ere egin dituzte irteerak. Batzen diren familiak orotarikoak dira, gurasoen esanetan: “Hirutik hamabost urtera arteko haurrak etortzen dira”. Halaber, azaldu dute geroz eta familia gehiago joaten direla: “Zazpi edo zortzi familia finkoak gara, eta badira noizean behin etortzen direnak; ekintza batzuetan 20 familia egotera iritsi gara”. Santxorendako terapia moduko bat ere bada Itzuli Mihitzuli: “Umeak ahalduntzen ditugu, eta elkarri babesa emateko sare bat ere bada”. Izan ere, hala, umeek ikusten dute ez direla euskara hutsean hitz egiten duten bakarrak, ez direla “arraroak”, Santxok esan duenez. “Animatzen dugu jendea gurekin etor dadin: ateak zabalik daude”, azaldu dute.

Vivir en euskera

Itzuli Mihitzuli es una iniciativa impulsada por familias euskaldunes y consiste en hacer salidas y excursiones montañeras. El objetivo es reunir a estas familias que viven en su día a día en euskera para que tengan más oportunidades de disfrutar también en su tiempo de ocio en esta lengua con normalidad.