Bekaz lagunduriko sormen-lana ekoizteaz gain, gutxienez 5 eta gehienez 50 ikuskizun/aurkezpen egingo dira, 2023ko azarotik 23. KORRIKAk iraun bitartean.
Bekaren zenbatekoa eta ordainketa 23.000 eurokoa izango da.
Beka-deialdian parte hartzeko dokumentazioa 2021eko urriaren eta 2022ko urtarrilaren artean aurkeztu beharko da.

OINARRIAK

  1. Bekaren xedea:
    a) KORRIKA kulturalean, sormen-lan bat plazaratzea, euskal kulturatik sortutako sormen-lanak bultzatzearren. Beka honen bidez, KORRIKA kulturalaren ardatz izango den ekitaldi nagusia taxutu nahi da; era berean, euskal sortzaileei bultzada emango zaie, eta KORRIKA kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jendaurrean aurkezteko lanak sortzen lagunduko da. b) KORRIKA kulturalaren barruan eta hark iraun bitartean, sormen-lan berri bat osorik ekoiztea eta gauzatzea. c) Bekaren xede den sormen-lan mota: Diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, baina emanaldiak agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoa izan behar du.
  2. Bekaz lagunduriko sormen-lana ekoizteaz gain, gutxienez 5 eta gehienez 50 ikuskizun/aurkezpen egingo dira, 2023ko azarotik 23. KORRIKAk iraun bitartean.
  3. Euskaraz sortutako proiektuak izan behar dira, inon argitaratu gabeak, edozein izanda ere egilearen sorterria, bizilekua, esperientzia edo joera, betiere 18 urtetik gorakoa
    baldin bada, eta lanaren gaia.
  4. Sortzaile bakoitzak bi proiektu baino ezin izango ditu aurkeztu KORRIKA-AEK KULTUR SORKUNTZARAKO Bekara.
  5. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa 23.000 eurokoa izango da, eta zuzenbidearen araberako zerga-atxikipenak kenduko zaizkio, zeinak Herri Ogasunera bideratuko diren. Onuradunak honela jasoko du beka:
    • % 40 epaimahaiaren erabakia jakin eta behin betiko proiektua gauzatzeko kontratua izenpetu ostean.
    • % 10 behin betiko proiektua laburbiltzeko lehenengo txostena helarazitakoan.
    • % 10 bigarren txostena helarazitakoan.
    • % 40 behin betiko proiektua aurkeztu eta onespena jasotakoan. Bekadunak kontratua sinatuko du AEKrekin, eta une horretan jasoko du bekaren lehenengo ordainketa. Kontratuaren arabera, amaierako proiektua zehaztutako epean aurkeztuko du, eta AEK-k konpromisoa hartuko du saritutako lanaren gutxienez 5 eta gehienez 50 aurkezpen egiteko. Lehiakide guztiek kontratuko baldintzen kopia bana jaso ahal izango dute AEKren bulegoetan; hartara, ezingo dute esan haien berri izan ez zutenik. Bekadunak 5etik 50era bitarteko ikuskizun{aurkezpen egin ahal izateko baliabide nahikoak dituela bermatu beharko du. Kontratua eta kontratuaren klausulak emailez igorriko zaizkio bekadunari jakin dezan zeintzuk diren bere bete-beharrak. Accesita emango balitz, haren zenbatekoa epaimahaiak erabakiko du, proiektuaren kalitatearen eta egokitzat jotzen den aurkezpen-kopuruaren arabera.
  6. Dokumentazioa
    6.1 Parte-hartzaileek ondokoak aurkeztu beharko dituzte:
    • Lehenengo dokumentuan, sormen-lana aurkeztuko duen pertsona fisikoaren edo erakundearen helbidea , posta elektronikoa, telefono-zenbakia eta nortasunagiriaren edo IFZren kopia, eskaneatuta.
    • Bigarren dokumentuan, landu nahi den proiektuaren azalpena (2-5 orrialdetan, Times New Roman 12 letra-tipoaz eta 1,5eko lerroarteaz): ezaugarri nagusiak, euskarriak, egitura, luzera, estiloa eta egileak egoki deritzon beste edozein zehaztapen (iturriak, zergatiak, helburuak…).
    • Proiektuaren azalpenak honako lau atal hauek izan beharko ditu ezinbestean: a) Sinopsia: lana zertan den eta zer agertzen duen. b) Xede artistikoa: goiko atalean azaldutakoa gauzatzeko erabiliko diren baliabide teknikoak. c) Egilearen ustez, zergatik den interesgarria bere lana KORRIKA kulturalerako. d) Sormen-lanaren aurkezpenak egiteko beharrezko baldintza teknikoak proposamenenean zehaztuko dira, bai eta egileari bere proiektua hobeto azaltzeko lagungarria zaion beste edozein material osagarri (bideoak, argazkiak, etab.) ere.
    • Proiektuaren aurrekontua, honela zehaztuta: a) Ekoizpen-aurrekontua: ikuskizunaren aurrekontu orokorra, hau da, osorik gauzatzeak eragingo duen kostua. b) Ekitaldi edo aurkezpen bakoitzaren kostua. c) Ekitaldi bakoitzaren kostua, BEZa barne, ez da 5.000 eurotik gorakoa izango (atrezzoa, arropa, soldatak, garraioa eta dietak barne). d) 5.000 € horietatik kanpo egongo dira: aretoen alokairua, soinu- eta argiteknikariak, eta aretoak ez duen materiala alokatzea. Hala ere, dena izango da negoziagarria.
    6.2 Beka-deialdian parte hartzeko dokumentazioa 2021ko urriaren eta 2022eko urtarrilaren artean aurkeztu beharko da, helbide elektroniko honetara bidalita: ekitaldiak@korrika.eus
  7. Epaimahaia
    Jasotzen diren proiektu guztiak KORRIKA-AEK-k izendaturiko epaimahai batek aztertuko ditu. Egitasmoaren gainean zalantzarik badu, eta egoki iritziz gero, egileei azalpenak eskatu ahal izango dizkie. Epaimahaikideen izenak sari-banaketa ekitaldian jakinaraziko dira. Epaimahaiak lauzpabost lan aukeratuko ditu, eta haien egileek epaimahaikideen aurrean defendatu beharko dute nork berea. Lehen aukeraketaren berri e-postaz emango da, eta irabazlearen berri 2022eko apirilean. Hala urtebeteko epea izango du irabazleak lana prestatzeko, eta 23. KORRIKA kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilaren 2ra bitartean, hain zuzen. Epaimahaiak beretzat gordeko du accesitak emateko eskubidea (ekoizpenari beka bat eman; ekoizpenari ez, baina bai ekitaldi bati; ekitaldi-kopuru txikiagoa antolatu..). Epaimahaiak KORRIKA kulturalerako propio pentsaturiko sormen-lanak lehenetsiko ditu. Epaimahaiak saririk ez banatzea erabaki dezake, lanen kalitatea eta plazaratzeko aukerak kontuan hartuta. Epaimahaiaren erabakiak onartu egin beharko badira ere, azken hitza KORRIKA kulturaleko batzordeak izango du.
  8. Bekadunaren eskubideak eta betebeharrak 8.1 2022ko apirilean, bekaren xede den sormen-lana prest izatea.
    8.2 KORRIKA-AEKren arduradunei bi txosten aurkeztea, bata 2022eko abendua eta bestea 2023ko otsaila baino lehen, epaimahaiak proiektuaren garapena eta oinarrizko alderdiak zertan diren jakin dezan.
    8.3 Sormen-lana aurkezpenerako aurreikusitako kostuaren arabera gauzatu beharko da, zeina ezingo den izan 5.1.c atalean aipatu zenbatekoa baino handiagoa.
    8.4 KORRIKA kulturalaren antolatzaileek agindutako aurkezpenak egin, gutxienez 5eta gehienez 50 (edo gutxiago, bekaren ordez accesita emango balitz), 2023ko azarotik 2024ko apirilaren 2ra Epealdi horretan egiten diren antzezpenen egile-eskubidea eta jabetza intelektuala 5.1.c atalean ezarritako aurrekontuen mugen barruan ordainduko dira.
    8.5 Bukaerako proiektua egin bitartean, sariduna epaimahaikide batekin edo hainbatekin bilduko da, hala eskatuko balitzaio, lanaren gaineko edo aurkezpena gauzatzeko sor litezkeen arazo teknikoak aztertu eta konpontzeko.
    8.6 Saridunak aldaketak egin ahal izango ditu amaierako proiektuan, oinarrizko proiektuari dagokionez, behin epaimahaiari horren berri eman eta haren onespena jaso ostean.
    8.7 Kasu hauetan, saridunek bekaren zenbatekoa itzuli beharko dute: Bekaren xede den amaierako proiektua zehaztutako epean aurkezten ez bada; edo, epaimahaiaren iritziz, oinarrizko proiektuarekin alderatuta aldea nabarmena bada kalitateari, izaerari edo eskainitako edukiei dagokienez. Hau da, hasierako zirriborroan aurkeztutakoarekin alderatuta aldea handia edo kalitatea eskasagoa balitz, edo proiektua ez balitz egokia, beka bertan behera gera daiteke.
    8.7.1 Hitzartutako sormen-lana egiten ez badute.
    8.8 Aurkezpen bakoitzari dagokion ordainketa kontratuan zehaztu bezala egingo da.
    8.9 Aurkezpenen datak, ordutegiak eta lekuak KORRIKA kulturalaren antolatzaileek zehaztuko dituzte, saridunari aldez aurretik galdetuta.
    8.10 KORRIKA amaiera data (2024ko apirilaren 2a) bitartean, saritutako lana KORRIKA kulturalaren antolatzaileek erabakitzen dutenean baino ezingo da eskaini, eta lanaren ustiapen-eskubideak AEK-k izango ditu aipatu epealdian, baita irrati, zinema eta telebistarako grabazio- eta lagapen eskubideak ere. KORRIKA kulturala amaitutakoan, AEK-k ez du lanaren gaineko inolako eskubiderik izango; hala ere, lanaren aurkezpen eta publizitatean AEKren laguntza izan duela edo “KORRIKA-AEK KULTUR SORKUNTZARAKO BEKA” jaso duela aipatu beharko da.
    8.11 Aurkeztutako proiektua ezin izango da beste sari- edo beka-deialdi batzuetara aurkeztu, AEK-KORRIKAren ebazpena jakin baino lehen, edo haren baimen idatzia izan gabe. AEK-k eta harekin batera KORRIKA kulturalak edozelako diru laguntza publiko edo pribatu eskatu edo jaso ahal izango dute, saritutako lanaren sustapena, publizitatea eta antzezpena finantzatzeko.
  9. Beka-deialdian parte hartzeko, beren-beregi onartu behar dira haren oinarri guztiak, eta, era berean, saridunak amaierako proiektua eta aginduko zaizkion aurkezpenak egiteko kontratua hitzartu beharko du. Saridunari gutxienez 5 aurkezpen eta gehienez 50 bermatuko zaizkio, ondoko paragrafoan zehazturiko kasuan salbu. Arrazoizko ustekabeak edo AEKri egotzi ezinezkoak direla-eta ezingo balitz KORRIKA kulturalean aurreikusitako datetan egin, programatutako aurkezpenenak egiteko konpromisoa ez betetzeak ez luke inolako ondoriorik izango. Hau da, AEKren eskuetan ez dauden arrazoiengatik, KORRIKA kulturala bertan behera geratuko balitz aurkezpen bera bertan behera geratuko litzateke.
  10. “KORRIKA-AEK KULTUR SORKUNTZARAKO BEKA” deialdi honetan parte hartzeak haren oinarriak onartzea dakar berekin. Ulertuko ez balira, antolatzaileek emango lituzkete
    dagozkion azalpenak.