Bidez Bide 176

Laba Elkarteak 2025eko irailean ireki zituen berriz ateak, bere esentzia galdu gabe, baina espazio eraberritu eta handiago bat eskainiz. Urtarrilean lau urte bete ditu elkarteak, geroz eta elkargune eta ekintza gehiagorekin. Aurrerantzean berrikuntzez gozatuz jarraituko du Labak, betiko asmo, amets eta helburuak mantenduz: euskara Iruñeko erdigunera ekartzea eta euskararen normalizaziorako bide bat izatea, arte eta diziplina ezberdinetako emanaldien eta kulturaren bitartez euskal komunitatea indartzea eta elkartzeko gune bat eskaintzea.

Lokala bikoiztu dute, alboko establezimendua aprobetxatuz ostalaritza proiektua bultzatzeko. Ikus-entzunezko ekipo berrituak gehitu dituzte, soinu barra, hi-fi ekipo berria eta egurrean eskuz egindako soinu ekipoa (Larra Soinu Tresnak). Arte plastikoaren erakusketek apaintzen dute sala, komunetan Aphoteke Estudioren lan bat ikus daiteke, txokoan artelan klasiko bat eta Ionan Aisaren artelan modernoago bat nahasten dira, eta elementu guztiak espazio berriaren barne diseinuan integratzen dira. Aldaketa hauek helburu bera dute: “Gure asmoak aurrera eramaten jarraitzeko modu bat izatea”.

Lehendik egiten ziren emanaldi eta ziklo askok ere aurrera jarraitzen dute, beti ere inguruko eragileekin elkarlan estuan: Ongi etorri Iruñara, Labea bakarrizketa probalekua, tribiala euskaraz, liburu eta musika aurkezpenak, bertsoak… Erupzioa ere egin dute berriki, egun osoko egitarau kulturala Iruñeko Alde Zaharretik Arrosadiara eramanez.

Bertigo pixka bat ematen zigun”, kontatzen du Ibone Labiano Labakideak, “betiko dinamiketara ohitzen gara eta zaila da aldatzea, gainera, Gaztelu Plazan dugun kokalekua pribilegioa eta erronka da aldi berean, hemendik jende asko eta mota askotarikoa pasatzen baita, baina ilusio handiz egin dugu eta pozik gaude emaitzarekin”.

Balorazio oso positiboa egin dute bazkideek: “Oso harrera ona izan du, ostalaritzaren proiektuak batez ere. Eskaintza kultural, emanaldi eta proiektu berriei dagokienez, nabaritu dugu espazioa aldatzearekin batera gauzak errazagoak direla, jende gehiago sartzen dela, baliabide gehiago ditugula… Momentuz oso pozik gaude”, dio Labianok, eta noski, berritasunekin beti nabaritzen da jende gehiago hurbiltzen dela.

200 kide inguru ditu orain elkarteak eta eraldaketarekin bazkide berriak egon dira, jendeari “ilusioa berriro piztu zaio”. Mezua argia da: “Hemen gaude, etorri, Laba bazkideok egiten dugu eta guztiz irekia dagoen proiektu bat da, denontzat”. Proposamen guztietara zabalik, Labako espazioan elkartzeko eta konpartitzeko gogoz daude. Orain, helburu hauen inguruan eraikiko dute etorkizuna: “Euskararen erdigune eta normalizazioan aurrera jarraitzea, hau geroz eta irekiagoa izan dadin”.

Auzoko inauteri euskalduna

Berrikuntzetako bat Hazitegia proiektua izan da, euskara sustatzea helburu duen egitasmoa: 1.000 euroko bi bekaren deialdia inguruko proiektu kulturalak martxan jartzeko. Edozein motatako proiektuak lagunduko dira, baina gazteen ahalduntze linguistikoa helburu dutenak lehenetsiz. Honekin ere Laba Alde Zaharretik kanpo zabalduz doa, eta aurten Auzo jolasak eta Errotxapeako libertimendua izan dira irabazle. Labak aholkularitza, bidelaguntza eta espazioa eskainiko dizkie.

Honi esker Iruinkokoaren oinordekoa izango den libertimendua garatu da Errotxapean, inauteria auzoko plazara eramateko. Helduentzako inauterietako programazioa faltan sumatzen zutelarik, gazteek gazteentzako egindako inauteria sortu dute aurten; aspalditik proiektuaren inguruan bueltak ematen egon ondoren, Labaren laguntzari esker iritsi da azkenean.

Lantaldetan banatutako 35-40 gaztek parte hartu dute ekimen honetan. Azken hilabeteetan 13 dantzari, 9 zirtzil, 9 musikari, 2 bertsolari eta hainbat jostun bildu dira Libertimenduari forma, kolorea, musika eta arima emateko. Otsailaren 7an ikusiko dugu proiektu berri honen emaitza: txupinazioa, asalduak, bazkaria, elektrotxaranga, bokatada eta DJ.

▶  Impulso a la hostelería, nueva línea de Laba

Laba reabrió sus puertas en septiembre de 2025, tras unos meses de reforma. Con el objetivo de ser un camino hacia la normalización del euskera, ser un punto de encuentro y fortalecer la comunidad vasca a través de la cultura, han puesto en marcha el nuevo espacio hostelero, que se suma a todas las actividades culturales previas. Se llama Torino Berria y trabaja en estrecha colaboración con Laba, compartiendo su filosofía: trabajar el producto local y fomentar el euskera a través de la gastronomía. Desde fuera le han hecho un guiño al conocido bar Torino, y en el interior han modernizado y renovado la sala, para convertir el espacio en un escaparate en el que mostrar exposiciones de artes en diversos formatos.