MAKETO IRRATIA. “Maketo hitzarekin gure euskara besarkatzen dugula adierazi nahi dugu”
Maketo Irratia podcast bat da, Bilboko lagun kuadrilla batek sortua, euren artean euskaraz gehiago hitz egiteko helburuarekin. Haiekin elkartu gara podcastaren zein sareko eduki sorkuntzaren inguruan hitz egiteko.
Ze Berri?- Zer da Maketo Irratia?
Maketo Irratia- “Umorea” beti oinarri dugu, euskal memegintza munduan sartuta gaude eta. Blogak edota bestelakoak ere grabatzen ditugu noizean behin. Ahal dugun heinean gonbidatuak ekartzen saiatzen gara, baina ez dugu inolako tarjet berezirik, taldean aurkitu ahal ditugun gustuak hain desberdinak direnez mota askotako gonbidatuak ekarri egiten ditugu.
Z.B.- Nola sortu zen?
M.I.- Anekdota hau askotan kontatu izan dugu. Duela 4 urte, Josu (Maketokidea) Twitterren zebilela, EITBk Euskal Herriko podcastik onenaren saria eman zuela irakurri zuen. Kuriositatea zela eta irabazlea nor zen ikustera sartu zen, eta harrituta geratu zen irabazlea plater zahar baten inguruan bakarrizketa bat ematen ari zen gizon heldu bat zelako… Ziur aski istorio hau urteak pasa ahala distortsionatua izan dela, baina beno… Hori ikusi bezain pronto, kuadrillako taldetik berria pasa zuen esanez guk podcast bat eginez sari hori erraz-erraz lortu ahalko genuela. Eta beno, orain hemen gaude, sari hori itxaroten oraindik.
Z.B.- Maketo Irratia da zuen proiektuaren izena, maketoei zuzenduta dagoelako?
M.I.- Ez. “Maketo” izenak guri egiten digu erreferentzia, hau da, gu maketo batzuk garela. Gure podcasta edo gure edukiak ez daude publiko zehatz bati zuzenduta, bueno, bai, euskaldunei noski. Baina maketo hitzarekin guk gure euskara besarkatzen dugula adierazi nahi dugu, euskara ez-formala, euskara traketsa, askotan akatsez beteriko euskara hori, baina euskara ere dena.
Z.B.- Gaur egun sare sozialetan gehiago entzuten da euskara?
M.I.- Egia da Tik Toka dela eta euskal klipak edo halakoak gehiago hedatu direla eta agian presentzia handiagoa dutela, baina gure ustez euskara sare sozialetan entzuteko euskal komunitatean sartuta egon behar zara. Guk adibidez, Maketo Irratia sortu baino lehen ez genuen euskal edukirik ezagutzen ezta kontsumitzen. Irratiari esker jende mordoa ezagutu genuen eta gure sareak euskaratzen joan ginen, baina erabiltzailaren esku dago euskal kontuak jarraitzea eta kontsumitzea.
Z.B.- Nola ikusten duzue eduki sortzaile digitalen testuingurua?
M.I.- Euskal eduki sortzaileen testuinguruaren kasuan asko hobetu beharreko testuinguru bat da. Euskal eduki sortzaile bat bazara, zure sorkuntza prozesua gaztelaniaz esaten den bezala “por amor al arte” egiten duzu. Noski, gure helburu nagusia, ziur aski beste askorena bezala, ez da irabaziak lortzea honi esker, baina ‘wapo’ legoke babes maila bat izatea, erakundeengandik, elkarteengandik, eta beno, ikusleengandik ere. Gehienetan erabiltzen gaituzte “euskal atala” betetzeko, eta hori guk bizi izan dugu, euskal ekintza batera gonbidatuak izatea eta guk ekintza guztiko euskal eduki edo saio bakarra izatea.
Z.B.- Beste sortzaileekin harremana duzue?
M.I.- Baiiii, hori da ibilbide honetan lortu izan dugun gauzarik politena, euskal sortzaile pilo bat ezagutzeko aukera izan dugu lau urte hauetan eta batzuekin harreman oso estua garatu dugu. Zaila izan ohi da gure artean elkartzea, bakoitza Euskal Herriko punta batekoa delako, baina adibidez, Durangoko Azoka bezalako ospakizunetan batzeko aukera izaten dugu, guztion interesetan dagoen plan bat delako eta beraz egun horiek aprobetxatzen ditugu batzeko.
Z.B.- Eta, bukatzeko, gaur egun, zein sare sozialetan topa ahal zaituztegu?
M.I.- Batez ere YouTuben, bertan saio guztiak eta egindako blogak igotzen ditugulako, baina baita Xn, Instagramen eta Ivooxen, audio entzule ez sionistetan ere pentsatzen dugulako!
▶ Gomendioak
- Liburu bat: Bizitza baten txatalak – Onintza Enbeitia
- Abesti/talde bat: Adur taldea
- Pelikula bat: 20 mil especies de abejas
- Telesail bat: Agatha all along
- Youtuber bat: Ryan Crouse
- Tik toker bat: Spidermander
- Twitzlari bat: Jabiertzo
- Instagramer bat: madmadness
- Podcast bat: norbait hil da hemen
