Karrikiri. Harizko zubiak ehuntzen

Karrikiri elkarteak mugaz gaindiko proposamen kultural, intelektual eta soziolinguistiko garaikidez betetako programazio berri bat prestatu du urrirako, “euskaldunon artean garunak astintzeko” eta Pirinioak zeharkatzen dituzten zubiak indartzeko helburuarekin. Horrela, euskal kultura kontsumitzaileak puntu batean elkartzea eta mugaz gaindiko batuketa bat eragin nahi dute, eta asmo horrek bultzatuta jaio da ‘Harizko zubiak ehuntzen’: elementu ezberdinez osatutako zikloa, non musikaz gozatu eta hausnarketa sustatzeko materiala sortu ahal izango den, eta euskararen biziberritzearen inguruan proiektu berriak sortzeko aukera eskainiko den.

Antton Lukuren ‘Euskal kultura?’ (2009) liburuaren berrargitalpena oinarri hartuta, ‘Harizko zubiak ehuntzen’ proposamenak euskaraz eta euskaratik bizi direnen harremanak sortu, sendotu eta “txirikordatu” nahi ditu. Eskaintza kultural guztia Iparraldetik iritsiko da, Jon Bujanda Karrikiriko kideak azaltzen duen bezala, “euskalgintzan periferian gaudelako Nafarroan zein Iparralden, eta joera da Pirinioetako muga fisikoa mentala bihurtzea”. Horregatik, Karrikirik “muga hori apurtu” eta bi lurraldeen arteko harremanak landu nahi ditu euskaratik: “Helburua hango pertsona euskaldunekin harremanak sendotzea da”.

Egitasmoa hainbat entitateren laguntzarekin antolatua dago: Laba, Pamiela, Eusko Kultur Mintegia, Irauli, Dindaia, Plazara, Euskalerria Irratia eta Iruñeko Udala. Azken honetako teknikariek “konfiantza eskaini digute hau egiteko eta hori ere polita da”.
Antton Lukuren liburua berrargitaratu denez, Pamielaren eskutik, urriaren 21ean Karrikirin aurkezpen hitzaldi bat egingo da Aritz Ibañezekin, kultura, tradizioa, folklorizazioa eta herri kulturaz solasteko. Jardueran hemengo eta Iparraldeko hainbat pertsona elkartuko dira, gai honetaz burutazioak egiteko eta berriro kezka hori zabaltzeko. Antton Luku Libertimenduen loraldi berriaren teorizatzaile eta sustatzaile nagusia izan da; Aritz Ibañez Iruñeko Duguna taldeko zuzendaria da eta Iruñeko Libertimenduen sorreran eta garapenean gako izan da. Karrikirirentzat “oso interesgarria eta aberasgarria izango da gaur egun ditugun erronkei, arriskuei eta aukera berriei buruz hitz egiten jartzea”.
“Karrikirik euskalgintzan kezka handi bat dauka, eta orain bide berriak zabaltzen ari garela haurren eta familien munduan, horren inguruan ere beste solasaldiak egin nahi ditugu”, azaldu du Bujandak. 28an ‘Familiak, zubiak, egonaldiak: mugaz gaindiko familia egonaldiak’ solasaldia eginen da Iraulin, Plazarako Familia Egonaldiaren berri emateko.

Bestalde, ‘Ameslariak etorkizunari begira’ ekintza aurreko urteetan Astindu! ikastaroetan parte hartu duten pertsonentzako topaketa bat izango da. Eusko Kultur Mintegian egingo da urriaren 17an. “Formakuntza hauek jendea euskalgintzan prestatua egoteko egin dira”, azaldu du Bujandak. “Medikuntzan ikasketak egin behar dira, kazetaritzan ere bai… hemen ere nahi dugu euskararen biziberritzeari errespetua eskaintzea”, dio kideak, “zenbat eta jende gehiago egon jantzia, geroz eta jende gehiago izango dugu euskaraz bizitzen eta harremanak egiten”. Formakuntza tailer hauek bi urtez egin ondoren, azken saio honekin osatu nahi dute.

Jarduera gehienak Laban egingo dira, batez ere kontzertuak: Thierry Biscary eta Oreka TX, Odei eta Broken Brothers Brass Band, Habia, Hor-hor hirukotea, Ekhi Lambert eta Ixabe. Buhaminak – Baionako Emazte kantu taldearen emanaldia Kondestable Jauregian gozatu ahal izango da sarrera librearekin.

“Nahiz eta lehen aldia izan eta esperientziarik ez izan horrelako zikloetan, espero duguna da Iruñeko eta Iparraldeko euskal kultura kontsumitzaileak sendotzea, bi lurraldeak batzea. Igual digu 5 pertsona azaltzea edo 55, pixkanaka bola handiago bat egiten joango gara”, kontatu du Leire Rodero Aresek, Karrikiriko komunikazio arduradunak.

Etxaburuk dioen bezala, aurtengoa Harizko zubiak ehuntzen ekimenaren lehenengo edizioa da: “Programazio hau hirian fuerte sartu nahi dugu eta datozen urteetan errepikatu dadila. Bigarren aldirako hobeto egingo dugu, burura gauza gehiago etorriko dira eta errazagoa izango da dinamikan sartzea. Orain mugitzen hastea da garrantzitsua, lehenengo pausua ematea”. Ildo berean, negura begira Iparraldeko artistekin eta kulturarekin lotutako jarduera gehiago programatzen jarraituko dute, izan ere, “gero eta gehiago gaude Iparraldera begira kulturalki”.

PROGRAMACIÓN TRANSFRONTERIZA EN TORNO A LA CULTURA VASCA

La Asociación Karrikiri ha preparado para este octubre en la capital navarra una programación transfronteriza nueva con propuestas culturales, intelectuales y sociolingüísticas contemporáneas con el objetivo de reforzar los puentes que atraviesan los Pirineos, uniendo así a las personas consumidoras de cultura vasca en un único punto. Se trata de la iniciativa ‘Harizko zubiak ehuntzen’ (Tejiendo puentes de hilo), un ciclo formado por diversos elementos como música y conciertos, charlas y coloquios y la presentación de la reedición del libro ‘Euskal kultura?’ de Antton Luku, para fomentar la reflexión y ofrecer la posibilidad de crear nuevos proyectos en torno a la revitalización del euskera.