Sarean Euskaraz programak doako 20 ikastaro eramanen ditu Nafarroako 17 herritara urria eta azaroa bitarte

Hirugarren urtez, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutoaren bitartez, antolatu du kultura digitalean euskara sustatzea helburu duen egitasmoa.

Aurtengo berritasun nabarmenena euskarazko IKTen inguruko ikastaro-zikloa da, urria eta azaroa bitarte Iruñera ez ezik beste 16 herritara ere iritsiko dena.

Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabiltzaile aktiboenak diren heinean, bereziki 12 urtetik gorako gazteengan pentsatuta osatu dute programa, baina gaian interesa duen edozein hiritarrek har dezake parte.

Dagoeneko zabalik da izena emateko epea www.sareaneuskaraz.eus webgunean, eta tailer bakoitza hasi baino bi egun lehenago itxiko dute. 20 lagunentzako tokia aurreikusi dute saio bakoitzeko, eta guztiak doakoak dira.

Euskarazko kultura digitalari bultzada eman eta ezagutarazteko asmoz abiarazi zuen Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutoaren bitartez, Sarean Euskaraz egitasmoa; lehenengoz, duela bi urte.
Orain hasiko den 2019ko ziklo honen berezitasuna arratsaldeko ikastaroak dira zeinak publiko orakorrari eskaintzeko diseinatu diren: III. Sarean Euskaraz programak bost mota ezberdinetako 20 lantegi eramanen ditu Nafarroako hiriburura (Iruñean 4 hitzordu) eta beste 16 herritara (hitzordu bana).

Euskarabideak udaletako euskara zerbitzuen laguntzarekin garatutako egitasmoa denez, matrikulazioa erabat doakoa da, eta herrietako gazteleku, liburutegi nahiz kultur etxeetako instalazioak erabiliko dituzte. Ikastaro bakoitzeko 20 lagunentzako tokia aurreikusi dute eta, beraz, orotara, 400 hiritarrek hartu ahal izanen dute parte euskarazko IKTen inguruko lantegi-ziklo honetan.

Gazteek IKTak asko erabiltzen dituztenez, protagonismo handia emanen zaie beraiei, baina euskarazko kultura digitalera hurbiltzeko edo honetan sakontzeko interesa duen herritar orok parte hartzeko pentsatuak izan dira tailer hauek.

BOST IKASTARO MOTA

YouTube, blogak, musikagintza, robotika eta pribatutasuna izango dira ikastaro-eskaintzaren bost ardatzak. Hurrenez hurren, Aitor Gametxo zinegilea, iAmetza enpresa, Dj Makala, ProtoMakers kluba eta Maider Likona Gipuzkoako Software Askea elkarteko kidea arduratuko dira horietako bakoitza zuzentzeaz eta edukiz hornitzeaz.

Ikastaroen ezaugarriak

Youtuber izateko mila modu: bideo-edizio lantegia

ZUZENDARIA: Aitor Gametxo.
EDUKIA: YouTube plataforma bera eta eskaintzen dituen aukerak arakatzeko lantegi teoriko-praktikoa. Parte-hartzaile bakoitzak ikus-entzunezko pieza bat sortuko du, lehen pertsonan, eta nork bere estetika eta bestelako aukeraketak sormen-prozesuan txertatuta.
EZAUGARRIAK: 6 ordu, 3 orduko bi saiotan banatuta.
NON/ NOIZ:
– Erronkari: urriak 3, Erronkari DBHI.
– Iruña: urriak 11 (17:00-20:00) eta 18 (17:00-20:00). Condestable Jauregia.
– Zizur Nagusia: urriak 17 (17:00-20:00) eta 24 (17:00-20:00). Kultur Etxea.
– Elizondo: azaroak 8 (17:00-20:00) eta 9 (10:00-13:00). Lanbide Eskola.

Zergatik komunikatzen dugu gaizki?

ZUZENDARIA: iAmetza enpresa.
EDUKIA: Blogetan eta, oro har, sare sozialetan komunikatzeko kontuan hartu beharreko teknikak eta gakoak lantzeko tailerra: bloga sortu bai, baina nola erabili, nola idatzi edota nori zuzendu. Era berean, euskaraz eta era librean lan daitezkeen bideak ezagutzeko balio izango du.
EZAUGARRIAK: 6 ordu, 3 orduko bi saiotan banatuta.
NON / NOIZ:
– Otsagabia: urriak 2. Otsagabia DBHI.
– Doneztebe: urriak 9 (17:00-20:00) eta 16 (17:00-20:00). San Miguel Ikastetxea.
– Etxarri Aranatz: urriak 23 (17:00-20:00) eta 30 (17:00-20:00). Kultur Etxea.
– Atarrabia: azaroak 6 (17:00-20:00) eta 13 (17:00-20:00). Kultur Etxea.

Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak

ZUZENDARIA: Dj Makala.
EDUKIA: Mugikorrek, tabletek eta antzeko gailuek eskaintzen dituzten musika aplikazio berriak era erraz, intuitibo eta dibertigarrian erabiltzera bideratutako saioa; Sarean musika sortu, nahastu nahiz zabaltzeko.
EZAUGARRIAK: 2 orduko saio bakarra. Ezinbestekoa nork bere smartphonea edo tableta eta aurikularrak eramatea.
NON / NOIZ:
Leitza: urriak 4 (18:00-20:00). Liburutegia.
Burlata: urriak 5 (11:30-13:30). Gaztelekua.
Tafalla: azaroak 8 (18:00-20:00). La Kolasa Gazte Etxea.
Iruña: azaroak 9 (12:00-14:00). Condestable Jauregia.

Robotika ikastaro-lantegia

ZUZENDARIA: ProtoMakers Kluba.
EDUKIA: Robotika eta automatizazioan murgiltzen hasteko tailerra, baita eskema elektronikoak interpretatzen ikasteko ere, Arduino mikrokontroladorea beste elementu elektroniko batzuekin konektatzeko. LED bat piztu, zenbait sarrera landu: pultsadoreak, tenperatura sentsorea… bozgailu eta motoreak irteera gisa aktibatu… Ikasitakoarekin, parte-hartzaileek, binaka, automatizazio proiektutxo bat egingo dute.
EZAUGARRIAK: 2 orduko saio bakarra.
NON / NOIZ:
Barañain: urriak 14 (16:30-19:00) eta 17 (16:30-19:00). Liburutegia.
Antsoain: azaroak 4 (16:30-19:00) eta 11 (16:30-19:00). Gaztelekua.
Bera: azaroak 7 (17:00-20:00) eta 14 (17:00-20:00). Beralandeta.
Iruña: azaroak 8 (17:00-20:00) eta 15 (17:00-20:00). Condestable Jauregia.

Pribatutasuna Sarean

ZUZENDARIA: Maider Likona.
EDUKIA: Sare sozialak gero eta gehiago erabiltzen ditugu gure bizitzako alor guztietan: aisialdian, ikasketetan, lanean, harremanetan… Baina nolako arrastoa uzten dugu? Nork eskura dezake informazio hori? Nolako ondorioak izan ditzake? Eta etorkizunean? Galdera horiei erantzutera eta, batez ere, sare sozialak egoki erabiltzeko hainbat aholku aletzera bideratutako saioa.
EZAUGARRIAK: 2 orduko saio bakarra.
NON / NOIZ:
Berriozar: urriak 18 (18:00-20:00). Kulturgunea.
Lizarra: urriak 19 (12:00-14:00). Fray Diego Kultur Etxea.
Agoitz: azaroak 8 (18:00-20:00). San Miguel Ikastetxea.
Iruña: azaroak 9 (10:00-12:00). Condestable Jauregia.

Ikastaroak herriz herri:

– Agoitz: azaroak 8 (18:00-20:00). San Miguel Ikastetxea. Pribatutasuna sarean.
– Antsoain: azaroak 4 (16:30-19:00) eta 11 (16:30-19:00). Gaztelekua. Robotika.
– Atarrabia: azaroak 6 (17:00-20:00) eta 13 (17:00-20:00). Kultur Etxea. Blogak.
– Barañain: urriak 14 (16:30-19:00) eta 17 (16:30-19:00). Liburutegia. Robotika.
– Bera: azaroak 7 (17:00-20:00) eta 14 (17:00-20:00). Beralandeta. Robotika.
– Berriozar: urriak 18 (18:00-20:00). Kulturgunea. Pribatutasuna sarean.
– Burlata: urriak 5 (11:30-13:30). Gaztelekua. Musikagintza aplikazioak.
– Doneztebe: urriak 9 (17:00-20:00) eta 16 (17:00-20:00). San Miguel Ikastetxea. Blogak.
– Elizondo: azaroak 8 (17:00-20:00) eta 9 (10:00-13:00). Lanbide Eskola. YouTube.
– Erronkari: urriak 3. Erronkari DBHI. YouTube.
– Etxarri Aranatz: urriak 23 (17:00-20:00) eta 30 (17:00-20:00). Kultur Etxea. Blogak.
– Iruña: urriak 11 (17:00-20:00) eta 18 (17:00-20:00). Condestable Jauregia. YouTube.
– Iruña: azaroak 8 (17:00-20:00) eta 15 (17:00-20:00). Condestable Jauregia. Robotika.
– Iruña: azaroak 9 (10:00-12:00). Condestable Jauregia. Pribatutasuna sarean.
– Iruña: azaroak 9 (12:00-14:00). Condestable Jauregia. Musikagintza aplikazioak.
– Leitza: urriak 4 (18:00-20:00). Liburutegia. Musikagintza aplikazioak.
– Lizarra: urriak 19 (12:00-14:00). Fray Diego Kultur Etxea. Pribatutasuna sarean.
– Otsagabia: urriak 2. Otsagabia DBHI. Blogak.
– Tafalla: azaroak 8 (18:00-20:00). La Kolasa Gazte Etxea. Musikagintza aplikazioak.
– Zizur Nagusia: urriak 17 (17:00-20:00) eta 24 (17:00-20:00). Kultur Etxea. YouTube.

III. SAREAN EUSKARAZ: EGUN OSOKO JARDUNALDI BAT ERE BAI

IKTen inguruko ikastaro zikloa aurtengo berritasuna bada ere, Sarean Euskaraz programak hiru urte daramatza martxan. Aurreko ekitaldietan, Nafarroako Gobernuak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutoaren bitartez bultzatutako egitasmo honek egun osoko jardunaldi bat antolatu izan du hitzordu nagusi gisa, eta aurten ere egongo da halakorik: urriaren 29an izango da, goizez, Iruñeko Baluarten.